Gizarte osoari "premiazko deia" egin diote Arabako erresidentzietako langileek

Erredakzioa 2024ko api. 17a, 11:48

Agerraldi publikoa egin dute erresidentzietako langileek Probintzia plazan. Argazkia: ELA

"Zaintzen ditugun pertsona horiek zuen senideak, lagunak eta ezagunak dira", ohartarazi dute.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileek lau urte baino gehiago eta 32 greba egun egin dituzte dagoeneko sektoreko lehen hitzarmenaren alde. Lau urte hauetan zerbitzuaren kalitateak okerrera egin du "nabarmen", langileen esanetan. Horregatik, gizarte osoari "premiazko deia" egin diote "zerbitzu duin baten alde" bat egiteko; eta Arabako egoitzen kudeaketa arduratsu bat defendatzeko.

"Gatazkaren puntu honetan behar-beharrezkoa da herritarren inplikazioa. Zaintzen ditugun pertsona horiek zuen senideak, lagunak eta ezagunak dira", gogoratu dute langileek. Hartara, Arabako herritar guztiei dei egin diete hurrengo apirilaren 25ean, osteguna, 18:30ean, Bilbo plazatik deitutako manifestaziora joateko. "Denok dugu sektore honekiko zor soziala, eta gizarte osoaren erantzukizuna da zaintza lanak duintzea. Denok zainduak garelako edo izango garelako, gure senideen ongizatea eta jasotzen dituzten zainketen kalitatea arriskuan dagoelako eta sektore horri eusten diogun pertsonok ezin dugulako gaurko lan baldintzetan zaintzen jarraitu".

Egoitzetako gaur egungo egoera "oso kezkagarria" dela azpimarratu dute langileek, ELA eta LAB sindikatuekin batera, aldundiaren aurrean deitutako agerraldi publikoan. "Langileok edozertarako balio dugu –salatu dute–. Gure osasuna murrizten dituzten lanaldi luzeak pairatu behar ditugu, gaixoarazten gaituzten lan fisiko eta karga mentalak, ordezkatzen ez diren lankideen bajak, lana eta familia bateratzea ezinezkoa egiten duen lan jarduerak…".

Gainera, azaldu dutenez, gau eta jaiegun guztietako plusengatik ez balitz, SMIra iristen ez diren soldaten truke egiten dute lan kategoria gehienetan. "Bitartean, GESCA, LARES eta ACRA patronalen adinduen egoitzek irabaziak izaten jarraitzen dute gure adinekoei eskaintzen dizkieten zaintza prekarioari eta baldintza negargarriei esker. Eta, gainera, hori guztia Arabako Foru Aldundiak onartzen eta bermatzen du, diru publikoa erabiliz enpresa pribatuei uzten dietenean zaintzak merkantilizatzeko eta prekarizatzeko eskubidea eta boterea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide