Gasteizko Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak 1.500 euro ordaintzera zigortu du Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SA, enpresa, langile bati egindako kalte moralengatik. Baimena ukatu zion enpresak langile bati ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa egiteko. LAB sindikatuak eman du epaiaren berri; eta gaineratu du lehen aldiz zigortu dutela enpresa hau kalte moralengatik.
Epai irmoa da, eta sindikatuaren arabera, aurrekari bat sortzen du "enpresak bere kabuz egiten dituen baimenen ezarpenean gero eta murriztaileagoak diren erabakien aurrean, eta langileei eragindako kalte moralen aurrean". Halaber, epaiak aitortu du bost eguneko baimena hartzeko eskubidea dutela langileek kasu horietan.
Espero dugu Correosentzako kolpe horrek enpresari gogoeta eginaraztea, eta baimenak, norberaren gauzetarako egunak, oporrak eta abar buruzagitzen aldetik inolako justifikaziorik eman gabe ukatzeko joera aldatzea.
LABek ez du gure eskubideen defentsa etengo, eta bere ekintza sindikala eta zerbitzu juridikoak langileen zerbitzura jartzen jarraituko du.