Mugarik Gabeko Medikuei emango diete Francisco de Vitoria domina

Erredakzioa 2024ko api. 17a, 09:38
Mundu osoko gatazketan lagundu ohi du erakundeak. Argazkia: MUGARIK GABEKO MEDIKUAK

Asteleheneko Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordean hartu dute erabakia, erakundeak gatazka armatuetako eta hondamendi naturaletako biktimei eskaintzen dien laguntza aintzatesteko.

Francisco de Vitoria domina Mugarik Gabeko Medikuak elkarteari ematea adostu du astelehenean Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Aintzatespenarekin, gatazka armatuetako eta hondamendi naturaletako biktimei "eskaintzen dien laguntza medikoa eta humanitarioa" goraipatu nahi izan dute.

Udal talde guztien babesa jaso du proposamenak. Gasteizen urtean behin egin ohi diren  Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroetan emango dute domina, jardunaldi horretako antolatzaileek proposatu baitute aurten erakundeari aintzatespena ematea.

1971n sortu zen gobernuz kanpoko erakundea, Biafrako (Nigeria) gerran ikusitako giza eskubideen kontrako urraketan Gurutze Gorriak ezarritako isiltasun kodearekin bat ez zetozen mediku eta kazetari talde baten eskutik. 

Francisco de Vitoria domina, bestetik, 1947an sortutako ohorezko saria da. Udalak zabaldutako informazioaren arabera, "giza eskubideen defentsan eta demokrazia, bakea eta nazioarteko lankidetza balioak sustatzen nazioartean nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak" saritzea du helburu, bai eta Nazioarteko Zuzenbidearekin lotutako ikasketetan "ibilbide esanguratsua izan duten pertsona ospetsuak" ere. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide