Langile autonomo bat hil da Gasteizen, istripu batean izandako zaurien ondorioz

Erredakzioa 2024ko api. 15a, 15:46

Lan istripuen kontrako elkarretaratze bat. ALEA

LAB sindikatuak administrazioaren "kontrol zorrotzagoa" eskatu du, autonomoen lan jardueren arriskuen gainean.

54 urteko A.A.C. langile autonomoak istripua izan zuen iragan astean Gasteizen, auzokideen komunitate bateko garbiketa lanak egiten ari zela, erabiltzen zuen makina irauli eta azpian harrapatu zuenean. LAB sindikatuak azaldu duenez, istripuak zauri larriak eragin zizkion, eta asteburu honetan hil da zauri horien ondorioz. "Prekaritatean oinarritutako lan harremanak pairatzen dituzte autonomoek, eta askotan lan arriskutsuak onartu behar izaten dituzte lanik ez galtzeko", ohartarazi du sindikatuak.

Horren aurrean, administrazioaren eskutik "kontrol are zorrotzagoa" exijitu du LABek autonomoen lan jardueraren arriskuen gainean, "merkatua euren bizitzez baliatzen baita, lan prozesuen merketze hutsagatik". Hurrengo egunetan elkarretaratzea deituko dute beste sindikatuekin batera, lan heriotza hau salatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago