Gasteizko Udalak bultzatutako FotoArte argazki-lehiaketak sariak banatu ditu. Arkaitz Ruiz Iglesiasen Penitentzia II lanak irabazi du lehen saria, aurten antzerkia gai hartuta. "FotoArtek herritarrei argazkigintza hurbiltzea du helburu, esparru horretan sormena bultzatzea eta jarduera artistikoa irudikatzen duten argazkiak saritzea. Berriz ere, lehiaketa arrakastatsua izan da, kalitate handiko ehunka lan aurkeztu dira", esan du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak. Guztira bost sari banatu dira, eta 2.400 euro banatu dituzte.
Maiatzaren 30etik aurrera hiriko gizarte etxeetan ikusgai izango dira argazkiak. Horretarako, lan guztien artean, 32 argazki aukeratu ditu epaimahaiak. Mary Zurbano, Piko Zulueta eta Ana Garcia Hermosok osatutako epaimahaiak irabazleak aukeratu ditu 302 egilek aurkeztutako 501 lanen artean.
Informazio gehiago eta argazki irabazleak udalaren webgunean aurki daitezke.