Myra Melford eta Clara Peya, Principaleko azkeneko jazz kontzertuen artean

Erredakzioa 2024ko api. 12a, 11:44

Uztailaren 16an izango da Myra Melford pianista. Argazkia: M. M

Hilaren 16an jarriko dituzte abonamenduak salgai, eta apirilaren 23tik aurrera kontzertu bakoitzerako sarrerak.

Gasteizko Jazzaldiko espazio abangoardistenak, Jazza Antzokian zikloak, sei kontzertu iragarri ditu, une honetan generoak duen emanaldirik berritzaileenekin.

Christie Dashiellek emango dio hasiera zikloari, uztailaren 15ean. Gospel eta soul sustraietan inspiratuta, inprobisatzaile bikaina da Dashiell; musikari familia batetik dator eta bere bigarren albuma argitaratu berri du: Journey In Black. Bertan, askatasuna, ondarea, mina edo alaitasuna bezalako gaiak jorratzen dituzten zazpi konposizio original eta bi moldaketa biltzen ditu.

Myra Melford pianistak sormena eta inprobisazioa ditu oinarri, jazzetik eta bluesetik hasi eta folkeraino, azken hau nota klasiko eta abangoardistekin. Bere azken proiektuak, Hear the Light Singing, panorama garaikideko bost interprete nagusi bilduko ditu berriro, Fire and Water-ekin egin zuen bezala. Mary Halvorson gitarristak, Ingrid Laubrock saxofoi jotzaileak, Tomeka Reid biolontxelo jotzaileak, Lesley Mok bateria-jotzaileak eta Melford piano-jotzaileak beren talentuen lagin liluragarria eskainiko dute, asteartean, hilaren 16an.

Sylvie Courvoisierrek Chimaera proiektu berria aurkeztuko du hilaren 17an, uda honetan Europako biran estreinatuko dena. Pianista eta konpositore suitzarra buru duen talde berri hau Wadada Leo Smithek ospetsua tronpetan, Christian Fenneszek gitarra elektronikoan, Nate Wooleyk tronpetan, Drew Gressek kontrabaxuan eta Nasheet Waitsek baterian osatzen dute. Kontzertu horrek albumaren grabazioa izan zenaren funtsa islatuko duela iragarri dute, kritikak "inspiratzailea eta menpekotasun handikoa” bezala jo duena.

Clara Peya konpositore eta piano-jotzaile oparo eta urratzaileenetakotzat jotzen da. Kementsua, urduria eta erraietakoa da, eta ikusleen arreta modu hipnotikoan bereganatzeko gai den nortasun artistikoa du, antolatzaileen arabera. 2019an bere ibilbide musikalagatik eta konpromiso sozialagatik Kulturako Sari Nazionala jaso zuen. Uztailaren 18an Corsé bere azken disko saritua aurkeztuko du Principalen, identitatearen, askatasunaren eta perfekzioaren tiraniaren aurkako ahalduntzearen esplorazio ausart eta introspektiboa.

Eddie Mejia gitarra-jotzaile mexikarra bere laukotearekin iritsiko da ostiralean, musika proiektua ezagutzera emateko. Lan hau, Maine-n jaiotako saxofoi jotzailea eta Paul Motian, Dewey Redman eta Norah Jones bezalako artistekin elkarlanean egon den Bill McHenry nazioarteko musikari ezagunak ekoitzi du. Eddie Mejian ikusi zuen potentziala McHenryk eta elkarrekin Mejiaren konposizioak interpretatzen dituen jazz laukote bat sortu dute. Taldea Masa Kamaguchi eta Ramon Prats bezalako estatu mailako musikari garrantzitsuenetako bik osatzen dute.

Baptiste Trotignon piano-jotzaile eta konpositore frantziarrak zikloari amaiera emango dio, hilaren 20an. Ibilbide sendo baten eta hainbat sarien jabea, Tom Harrell, Brad Mehldau edo Joe Lovano bezalako musikari ezagunekin kolaboratu du. Brexit Music bere azken albuma Erresuma Batuko pop-rock musikarekiko liluraren adierazpen bat da, The Beatles eta The Police-tik hasi eta Radioheaderaino, bere jazz hirukoteak interpretatua.

Kontzertu bakoitzerako sarrerak apirilaren 23tik aurrera egongo dira eskuragarri, 17:30ean. Sarrerak eta abonamenduak jazzvitoria.com-en edo Principal Antzokiko leihatiletan eros daitezke. 18 urtetik beherakoek, Gazte Txartela edo K26 dutenek sarreretarako deskontuak izango dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago