Liburu Egunak jardueraren programazioa bereziki gazteei eta helduei zuzenduta dago aurten, eta ezaugarrien artean, euskararen eta gaztelaniaren "berdintzea" ekarriko du, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Diaz de Corcuerak azaldu duen bezala, inguruko hizkuntza errealitatea kontuan hartuta.
Literatura genero ugariak bateratuko ditu aurten Liburuen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako jarduerak, komikia, eleberria… Halaber, era askotako jarduerak proposatuko ditu: elkarrizketak idazleekin eta liburuen sinadurak, hitzaldiak, literatura ikuskizunak musikaren, pinturaren eta abarren presentziarekin… Gainera, arreta nagusia gertutasunean jartzea lehenetsi dute, bertako idazleei garrantzi handiagoa emanda.
Aurten, sei idazle bilduko dira:
- Apirilak 15: Ignacio Martinez de Pisonek Castillos de fuego lana aurkeztuko du. Ondoan izango du Maite Esparza kazetari eta komunikatzaile nafarra.
- Apirilak 17: Karmele Jaioren txanda izango da. Bere azken eleberria, Maitasun kapitala aurkeztuko du. Ekimenaren dinamizatzailea Aitziber Perez de Karkamo kazetari gasteiztarra izango da.
- Apirilak 18: APDEMA elkartearekin duen lankidetzari esker, Javier Alcazarrek Vicente Blasco Ibañezen El intruso lanaren irakurketa errazerako egokitzapena aurkeztuko du. Ondoan izango ditu Amalia Andres Kortazar, APDEMAko psikologoa, eta Natalia Jimenez, Euskadi Irakurketa Erraza elkartearen dinamizatzailea.
- Apirilak 22: Antonio Altarribak El cielo en la cabeza komikia zango du hizpide. Sergio Garcea egilearekin eta Lola Moral koloristarekin elkartu da. Azucena Monge, ikerlaria, komikietan aditua eta Liburutegi Sareko Komikia eta Nobela Grafikoaren Irakurketa Klubaren dinamizatzailea, izango da saioa zuzenduko duena.
- Apirilak 23: Liburuaren Eguna ospatzeko, Gelditu, entzun, begiratu izenburupean, Patxi Zubizarreta idazleak egingo du gidoia eta irakurketa Felipe Barandiaranekin batera, eta alboan izango dituzte Pello Ramirez musikaria eta Mintxo Cemillan pintorea, zuzenean koadro bat eginez.
- Apirilak 26: Jon Artano kazetariak Juana liburuaren ikus entzunezko aurkezpena egingo du. Liburu horrek Juana Perea Plataren kontakizuna azaltzen du. Euskal familia batean jaio zen, baina gerratik ihesi, Bogotaraino joan zen. Urpekaria, marinela eta pirata izan zen, beti ezarritako arauak hautsiz, mugak gurutzatuz eta zoriontasunaren bila ibiliz.
Jarduera guztiak Goiuri jauregian egingo dira, 19:00etan, baina 18:30etik aurrera aretoaren sarreran liburuak saltzeko eremua egokituko da, eta ekitaldiaren ondoren liburuak sinatuko dira.