Saltokiak antzerki agertoki, hilaren 16tik 19ra

Erredakzioa 2024ko api. 8a, 10:42
'La Esther' lana eskainiko du Ane Gebarak, hilaren 16an. Argazkia: A. Gebara

Lau antzezlanek eta bi dantza-piezak osatuko dute aurtengo 150 gramo jaialdiaren programazioa

Gasteizko saltokiek 150 gramo jaialdia ospatuko dute apirilaren 16tik 19ra bitartean. 10-30 minutu arteko lau obra eta bi dantza pieza eskainiko ditu, hiru ordutegitan: 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean.

Ekitaldia Gasteizko Udalak sustatzen du, El mono habitado eta Pez Limbo antzerki konpainiekin lankidetzan, eta Jaurlaritzaren babesa du. "150 gramo jaialdiarekin gure hiriko merkataritza dinamizatzen dugu. Horri esker, kalitatezko zerbitzua eskaintzen duten saltokiak aurki ditzakegu, kultur esperientzia guztiz originalaz gozatzen dugun bitartean", adierazi du Maria Nanclares Merkataritza zinegotziak.

Jaialdia apirilaren 16an, asteartean, hasiko da, bi hitzordurekin. Omega Center, Urbina kaleko 21. zenbakian, izango da Ricardo ama a Ricardo gaztelaniazko lanaren eszenatokia. Aitor Vinagret aktoreak Ricardo egolatra antzeztuko du. Egun horretan bertan, Gaikar Kirolak denda, Bernal Diaz de Luko kaleko 1. zenbakian, La Esther antzezlanaren eszenatokia izango da. Euskarazko antzezlan honetan, Ane Gebara aktoreak ekintza edo mugimendu batek gorputz osoa alda dezakeela azpimarratuko du: "Horixe gertatu zitzaigun amonari eta bioi, baina une eta egoera desberdinetan".

Asteazkenean, hilaren 17an, VSD dendak (Bastiturri kalea, 5) El día del derrumbre antzezlana hartuko du (gaztelaniaz). Andres Bezares aktoreak Tuxcacuesco herria suntsitu zuen lurrikara gogoratuko du 15 minututan, eta azalduko du herriko agintariek nola inbertitu zuten zeukaten guztia gobernadoreari harrera egiteko. Asteazkenean bertan, Aitor Vinagretek Ricardo ama a Ricardo antzeztuko du bigarren aldiz Omega Centerren.

Dantza, ostegunean

Dantza izango da protagonista apirilaren 18an, ostegunean, bi proposamenekin. Lehenengoa 8 km en mula izango da. Pieza honetan, Alvaro Murillo dantzariak bere gorputzaren mugimendua erabiliko du 17 minutuan maitasun gaiztoko istorio bat kontatzeko. Fotograman izango da, Antiletako pasabidean. Jordi Villa Seca dantzariak, bere aldetik, Losing faith defendatuko du. Muntaia honetan, gorputza bizi izandakoaren mapa eta paisaia gisa eta mugimendua adinaren eta esperientziaren hondar gisa erakutsiko du. 10 minutuko dantza-ikuskizuna eskainiko du Aristipiel Calzados dendan, Herrandarren kaleko 53an.

Ostiralean, hilaren 19an, errepikatu egingo da. Halaber, ostiralean bertan, Bakomaten, Basoa kaleko 13. zenbakian, Un ratito bakarrizketa komiko, eldarniotsu eta aldarrikatzailea eskainiko du Maria Urzelaik.

Zortzi saioetarako sarrera librea izango da lekua bete arte. Hona hemen jaialdiaren inguruko informazioa eta egitarau osoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide