Urteko helburu nagusia lortu dute Ivanovicen mutilek eta Euroligako titulua eskuratzeko kanporaketan lehiatzeko aukera izango dute azkenik. Real Madrilek eroso ekin zion partidari, sailkapeneko lehen postuan, etxeko lanak aspaldi eginda. Baskoniak berriz azken txanpa honetan izan du dena jokoan eta azken aurreko aukeran lortu dute helburua. Hamabost puntuz azpitik ere izan ziren gasteiztarrak, baina kemenari esker, pixkanaka, gerturatzea lortu eta azken minututan garaipen goseak izan zuen bere saria.
Zortzi onenen artean sartzea ia ezinezkoa da horren maila altuko txapelketan, baina gasteiztarrek, aurrekontu nabarmen apalagoa izanda ere, onenen pare aritzeko maila dutela erakutsi dute beste behin. Datorren astean jokatuko dute kanporaketako aurkaria erabakitzeko baliagarria izango den azken partida, baina edonor datorrela ere kokiltzeko motiborik ez dute izango gasteiztarrek.
Zalantzak nagusi
Denboraldi gorabeheratsua darama Ivanovicen taldeak, eta partida oso onak jokatu dituen arren, porrot dezente ere pilatu ditu urtean zehar, itxuraz, makalagoak beharko luketen taldeen aurrean. Horren adibide, Errege Kopa jokatzeko txartelik eskuratu ez izana edo denboraldiko azken txanpan sartuta gauden honetan Ligako zortzi onenen artean sartzeko ere komeriak izaten ari dela talda Gasteiztarra. Ziurgabetasunak dira nagusi eta zaila da esaten denboraldi ona edo txarra izango ote den aurtengoa Baskoniarentzat.