Badira urte batzuk Gaztefilm zinemaldian proiektatu zutela Wardi haurrentzako Palestinako animazio filma, eta arrakasta handiz orduan. Egunotan, Frantzian zentsuratu dutela eta, Gaztefilmekoek erabaki dute berriro Euskal Herriko hainbat aretotan ematea, "adierazpen askatasunarekiko eta palestinarren giza eskubideekiko konpromisoagatik".
Besteak beste, Gasteizko Baratza aretoan eskainiko dute. Larunbatean izango da emanaldia, hilaren 6ean, 12:00etan; jatorrizko bertsioan izango da, euskarazko azpitituluekin. Ostean, 14:00etan, auzo bazkaria antolatu dute. Eta, 16:00etan, gaztelaniazko azpitituluekin eskainiko dute pelikula. Bildutako dirua Awda elkartearentzat izango da, Gazan bi ospitale kudeatzen dituen erakunde palestinarrarentzat.
Errefuxiatu palestinarra
Wardi hamaika urteko neska palestinarra da, jaio zen errefuxiatu esparruan bizi dena familiarekin. Sidi, bere birraitona maitatua, 1948an bere herritik bota ondoren zentro horretara iritsi zen lehen lagunetako bat izan zen. Sidik Galileako bere etxeko giltza ematen dion egunean, Wardi triste dago, birraitonak egunen batean bertara itzultzeko itxaropena galdu baitu.