Turisten ingurumen inpaktua neurtzeko kalkulagailu bat martxan jarri du Gasteizko Udalak. Bertan, turistak berak bere bidaiaren inguruko xehetasunak ematen ditu: nondik datorren, zer garraiotan, dutxa ala bainua hartzen ote duen, maletaren tamaina, ostatu mota, jaki "ekologikoa" kontsumitzen ote duen...
Galdetegi horren arabera, karbono aztarna —"karbon-aztarna", euskarazko bertsioaren arabera— edo uraren kontsumoa kalkulatzen dute. Horren arabera, termometro baten bidez adierazten da zenbatetsitako inpaktua, bai eta aholkuak jaso ere.
Hala, Europatik kanpo hegazkinez sei egunez hotel batera etorritako turista batek emotikono triste eta "alerta" bana jasoko du, bi tona CO2 eta 2.000 litro ur inguru erabili dituelakoan. Bilbotik bizikletaz etorri eta sei egunez ostatu arduratsu batean bost minutuko dutxa eta janari beganoa hartzen dituenari, aldiz, emotikono alai batez eta "zorionak!" batekin erantzungo zaio, 60 kilo CO2 sortu eta 210 litro ur baino ez dituelako erabili.
Tresna horren emaitzetan abiatuta, 2023an Gasteiz bisitatu zuten pertsonen %73k ingurumen inpaktu "ertaina edo txikia" eragin zutela dio udalak. 573 pertsonak betetako galdetegian abiatuta, %46,77k ingurumen inpaktu "txikia" erregistratu dute; %26,18k, "ertaina", eta %27,05ek "handia".
Maria Nanclares Turismo zinegotziaren arabera, "neurri errazen bidez haien ingurumen-aztarna murrizteko ideiak topatuko dituzte kalkulagailua erabiltzen dutenek".
Udalak dio hainbat hotel eta baliabide turistikorekin lan egin duela turistei tresnaren berri emateko