Larunbatean Gasteizen izan ziren gertakarien inguruan Segurtasun Sailak eta zenbait hedabidek zabaldu duten informazioa "guztiz manipulatua eta gezurrezkoa" dela dio GKSk. Diotenez, "errelato" horrek "gazteria komunista kriminalizatzea" du helburu, Ertzaintza "biktima" bezala aurkeztuz eta "poliziaren indarkeria" justifikatuz.
Hala, gazte antolakundeak zalantzan jarri du Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioa. Diotenez, ertzainak izan ziren "biolentzia erabili zuten bakarrak", eta zauritutako ertzainak —"egia baldin bada" zaurituak izan zirela— "modu basatian eta neurrik gabe kolpeak ematearen ondorioz beraien buruari sortutako zauriak" baino ez direla diote.
Erakundearen arabera, larunbat arratsaldean manifestazioa deitu zuten gazteek emantzipatzeko duten "ezintasuna" eta politikarien "promesa faltsuak" salatzeko. Ondoren, hainbat gazte Alde Zaharrean hutsik dagoen etxe batean sartu ziren, eta Ertzaintza gerturatu zenean, babesa emateko hainbat lagun etxearen inguruan bildu ziren. "Gauzak horrela, poliziak modu bortitzean ekin zion bertan zeuden gazteak jipoitzeari". GKSren arabera, hogei minutu inguruz izandako "jipoiaren" ondoren 70 gazte zauritu zituzten, eta horietatik bost erietxera eraman zituzten.
Horrez gain, Jaurlaritzaren eta EAJren "erantzukizuna" salatu dute, bai eta PSEren "jarrera" ere, "kriminalizazio kanpaina" elikatzeagatik; bide beretik, beste behin, "gertakari honen inguruan isilik mantendu diren alderdi parlamentarioen jarrera ere" arbuiatu dute.