Alde Zaharreko Lamia etxartea lehengoratuko dute

Erredakzioa 2024ko apirilaren 4a

Behin 'Lamia' zaharberrituta, Alde Zaharrean diren 21 etxarteetatik hiru geratuko dira egokitzeko. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Udalak 213.197 euro bideratuko ditu sei hilabetean egin beharko den obrarako. Egokitzapenez gain, lorategi bat jarriko dute.

Alde Zaharrean kokatua dagoen Lamia izeneko kainu edo etxartea lehengoratuko duela iragarri du Gasteizko Udalak. Tokiko Gobernu Batzordeak atzo onartu zuen lan horiek egiteko kontratazio espedientea. Orotara, 213.197 euroko lizitazioa izango da, eta sei hilabetean gauzatu beharko dira obrak. Ohi bezala, Europako Batzordeak birbanatutako Next Generation funtsen kontura egingo dute zaharberritzea.

Fatxada eta hormetako beheko zatiak eta zoruak margotuko dituzte, estolderia konpondu, eta baranda eta eskailerak jarriko dituzte. Garbiketarako eta ureztaketarako ura paratuko dute ere, eta, ondoren, lorategi bat sortuko dute, "auzokideen gozamenerako".

Beatriz Artolazabal alkateordearen esanetan, "Erdi Aroko hiriaren berezko elementu gisa berreskuratzeko, esku hartzeetatik babesteko, eta gure ondare kultural eta historiko aberatsaren nortasun ezaugarri eta erreferente gisa balioa emateko" egingo dituzte lanak.

Erdi Aroko erdiguneak 21 kainu edo etxarte ditu, eta horietatik hiru oraindik egokitzeke daudela adierazi du udalak, ohar batean. Aduana Zaharraren, Borreroaren eta Sahatsaren etxarteak dira berritu gabe daudenak, hain justu. 

Erdi Aroan sortu ziren egitura horiek, eta bertara ur zikinak botatzen ziren. 2007an, Gaia talde ekologistak gune horiek txukuntzeko ekimena aurkeztu zion udalari, eta pixkanaka zaharberritzen ari dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago