Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko xedearekin, Araba Euskarazek, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin eta Gasteiz Jai Alai klubarekin elkarlanean, aurtengo zesta-punta profesionaleko zirkuiturako txapelketa puntuagarria antolatu du. Hala, Araba Euskaraz Jai Alai Master Series txapelketa izango da, Gasteizko Olabe pilotalekuan, apirilaren 13an, 19an eta 26an, 19:00etatik aurrera, emakumezkoen zein gizonezkoen kategorian.
Iaz, lehendabiziko aldiz antolatutako Araba Euskaraz Open Series jaialdiak erantzun paregabea jaso ostean, are sendoagoa eta luzeago dator Gasteizko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series zesta-punta txapelketaren aurtengo edizioa. Bigarren urtez, Gasteizko Olabe pilotalekuak emakumezkoen zein gizonezkoen zesta- puntaren egungo izarrak hartuko ditu, Arabako ikastolen aldeko jaialdian. "Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko asmoari eusten dio Araba Euskarazek", esan dute antolatzaileek.
Hiru jardunaldietarako bonua zein eguneko sarrerak jada salgai daude arabaeuskaraz.eus webgunean.
Hauexek dira Gasteizko Olabe pilotalekuan lehiatuko diren lau emakumezko puntista bikote gazteak:
A FINALERDIA (apirilak 13 – 19:00):
Erika- Naroa vs Helena-Maialen.
B FINALERDIA (apirilak 19 – 19:00):
Maite-Arai vs Elaia-Frida.
Gizonezkoen bikoteek, berriz, 1.000 puntu izango dituzte jokoan jokoan Jai Alai Leagueko rankingean puntuak pilatzeko denboraldi amaierako Lauko Finalera begira. Gasteizko Araba Euskaraz Jai Alai Master Seriesaren bikote parte hartzaileak:
A FINALERDIA (apirilak 13):
Erkiaga- Del Rio vs Aaron-Gorka.
B FINALERDIA (apirilak 19):
Barandika-Lekerika vs Laduche-Zabala.