Gasteizko Udalbatzak eta Arabako Batzar Nagusiek frankismoaren biktimak omendu dituzte astearte honetan, Posta eta Agirre Lehendakaria kaleen arteko elkargunean dagoen Isiltasunean Oihuka eskulturaren aurrean lore-eskaintza eginda. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak azpimarratu du orain "inoiz baino gehiago" beharrezkoa dela demokraziaren eta elkarbizitzaren alde borroka egin zutenen "oroitzapena mantentzea". Gaineratu du, memoria demokratikoarekin lotuta, "eskuinak eta ultraeskuinak dakarten inboluzioaren aurkako harresia eraikitzea" ezinbestekoa dela.
Isiltasunean Oihuka eskultura Teodoro Gonzalez de Zarateri (1931 eta 1936 artean alkate izan zenari eta 1937an, beste 15 lagunekin batera, Azazetako mendatean tropa frankistek hil zutenari) eta Espainiako Gerrako biktimei eskainita dago. Frankismoaren biktima izan ziren agintari politikoen oroimenezko ekitaldia 2018tik egiten da bertan.