Sarek deituta, manifestazioa egingo dute ostiral honetan, apirilaren 5ean, Gasteizen, 20:00etan, Gradu erregresiorik ez. Juan Carlos etxera lemapean. Iragan martxoaren 27an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen Juan Karlos Subijana preso gasteiztarraren hirugarren graduaren kontra, eta egun horretan bertan, espetxera itzuli behar izan zuen Subijanak. Hirugarren aldia da horrelako neurria pairatzen duela presoak, Fiskaltzak espetxeko profesionalen eta Eusko Jaurlaritzaren beraren erabakien aurka helegitea jarri ondoren.
"Komeni da galdetzea zer logika daukan presoaren bilakaera ondoen ezagutzen duten espetxeetako profesionalen aurka, 400 kilometrora daudenek helegiteak aurkezteak?", galdetu du Sarek. "Urrunetik, distantziatik erabakitzen dute presoei buruz, haietaz ezer jakin gabe eta ezer axola ez dietenean".
Subijanak 23 urte bete ditu 28 urteko zigorretik; gainera, erantzukizun zibila ordaintzen ari da; eta programatutako 13 irteera eta 20 bat baimen arruntetan parte hartu du. Preso gasteiztarrak biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa du, gaixotasun larria hain zuzen. "Fiskaltzari berdin dio –esan du Sarek–. Horiek eta beste presoek eragindako kalteak aitortzeak ez die ezertarako balio. Harentzat ez du ezertarako balio duela hamahiru urte baino gehiago ETAk bere jarduerari amaiera emateko erabakia hartu izanak. Eta hala da, ez baita justizia irizpideetan gidatzen. Justizia, kasu hauetan, eskuin muturreko arma politiko juridikoa bilakatu da", azpimarratu dute.