Artium Museoak egitarau berezia prestatu du Aste Santurako eta Pazko Asterako: familientzako lantegiak, bisita gidatuak, erakusketak eta miaketa-koadernoa. Carolina Caycedo artista kolonbiarraren Adiskideen lurraldea erakusketaren baitan, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek, pertsona heldu batekin, ibai-ekosistemen garrantziaren eta lotuta daramatzaten bizimoduen inguruan lan egingo dute. Lantegiak doakoak eta irekiak dira, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Martxoaren 28tik, osteguna, apirilaren 6ra, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era izango dira. Bisitariek, gainera, Caycedoren erakusketaren miaketa-koadernoa izango dute, argitu beharreko 10 galderarekin, erakusketa modu bizi eta dibertigarrian ezagutzeko eta artistaren lanean sakontzeko.
Artium Museoak egun horietarako prestatu duen erakusketa programak, gainera, Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) bildumaren aurkezpena, Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991 erakusketa tematikoa, eta Randa Maroufiren Bab Sebta proiekzioa bildu ditu Z aretoan. Horretaz gain, bisitariek museoaren bildumako hainbat lan ikusi ahal izango dituzte eraikinaren barnealdeko eta kanpoko espazioetan, besteak beste, Juncal Ballestinen zenbait pieza, Esther Ferrerren Números primos eta Nestor Basterretxearen Estela 1.
Apirilaren 7an, igandea, Artium Txikia eta Good Morning, Artium saioek amaiera emango diote oporraldien programazioari. Egun hori, gainera, Adiskideen lurraldea erakusketaren azken eguna izango da.