Gasteiz Hobetuz programa parte hartzailearen bitartez aukeratutako proiektuak ezagutzera eman ditu Gasteizeko Udalak, atzo egindako ekitaldi batean. Besteak beste, buruhandien txokoa edo "ordenantzak hautsi gabe" grafitiak egiteko tokiak atonduko dituzte. Hiru milioi euroko inbertsioa bideratuko dute aurten eta hurrengo urtean horiek gauzatzeko.
Orotara, 7.171 gasteiztarrek parte hartu dute parte azken hiru asteotan egindako bozketa prozesuan. Aurtengo edizioan aurkeztutako proiektuen artean, hamasei izan dira aurrera aterako direnak.
Hasiera batean 228 ekimen jaso ditu prozesu parte-hartzaileak. Horietatik udal teknikariek 111 bideragarritzat jo dituzte. Horietako batzuek antzeko gaiak jorratzen zituztenez gero, teknikariek 84 hautagaitzatan bildu dituzte proposamenok, eta horien artean izan da herritarrek egindako azken aukeraketa.
Aurkezpen ekitaldian, Gobernu Ireki zinegotzi Miren Fernandez de Landak esan du orain "gogo handiz" ekingo diotela proposamenak "2024an eta 205ean zehar errealitate bihurtzeko lanari". Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen hitzetan, aukeratutako proiektuek "helburu positiboak dituzte, eta auzoei mesede egiten diete".
Udalak zabaldutako prentsa oharraren arabera, orain proiektuen lanketa teknikoa egingo dute, "proposamena egin duten pertsonekin batera proiektuen diseinua prestatu eta adosteko".
Hauek dira hamasei proiektuak:
- Bidegorria Gasteiz hiribidean. Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Justizia Jauregiaren arteko tartean oraingo bidegorria kentzea eta bi noranzko izango dituen beste bat egokitzea.
- Topaketa-parkea adin guztietarako Lakua auzoan, Mendebaldea institutuaren ondoan dagoen udal orube batean.
- Goikolarra eta Olarizuren arteko lotura hobetzea oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Bidegorriari jarraipena ematea eta Eraztun Berdearen konexioa amaitzea.
- Borinbizkarrerako sarbidea. Zabalgana etorbidean tarteko sarbide bat egitea, hegoaldetik Jeronimo Roure kalera iristeko.
- Ur-iturri gehiago Eraztun Berdean zehar.
- Lakuabizkarreko haur-parkea berritu eta karpa batez estaltzea (teknikariek hainbat baldintza jarri dituzte).
- Adurtza-Zumakadi parkea berritzea, gune hori auzotarren topaleku izan dadin.
- Desgaitasuna duten pertsonentzako eta haurtxoen orgak erabiltzeko eskailerak hobetzea eta arrapalak jartzea Jacinto Benavente eta Astronomoak kaleen artean.
- Birnaturalizatutako pasealekua Errekatxiki kalean.
- Erraldoi eta buruhandien txokoa. Gasteizko jaietako elementuak erakusteko gune berria: Zeledon, Edurne eta Zeledon Txiki, Olentzero eta Mari Domingi... Kultur ondarea erakusteaz gain, erraldoien eta buruhandien konpartsarentzako entsegu gunea izango litzateke.
- Hiri segurtasunaren diagnostikoa, ikuspegi feministarekin. Emakumeen eta LGTBI+ pertsonen askatasunerako eta segurtasunerako erronkak eta oztopoak identifikatzea.
- Bizikletak konpontzeko guneak jartzea gizarte etxeen kanpoaldean, aisialdirako guneetan eta bideoz zaindutako guneetan.
- Partikularren arteko bigarren eskuko azoka txikia Zabalganean.
- Artez betetako espazio libreak (zenbait baldintzarekin). Narriatutako espazio publikoak eskaintzea baimenik eskatu beharrik gabe pintatzeko.
- Desiratua ez den bakardadearen diagnostikoa eta horrekin lotutako talde eragilea sortzea San Martin auzoan.
- Irisgarritasun unibertsal erreala eta eraginkorra (zenbait baldintzarekin). Gizarte etxeetako ateren bat automatizatzea edota kanpoko zoladurak egokitzea.