Zaramaga Urban Fest hiriko kulturaren inguruko jaialdia egiteko kontratazio prozesua hasi du Gasteizko Udalak, auzoa biziberritzeko planaren ekintzen barruan. 60.000 euroko aurrekontua izango du jaialdiak, eta irailean edo urrian egingo dute, 14 eta 30 urte bitarteko gasteiztarrei zuzenduta.
Oraindik zehaztuta ez dagoen arren, udalak iragarri du jaialdiak egun bat eta hiru egun arteko iraupena izanen duela, eta diziplina artistiko ugari jorratzea aurreikusten du "auzoa dinamizatzeko eta gazteen parte-hartzea lortu ahal izateko, Udalaren V. Gazte Planean jasota dagoen moduan", azaldu du Gazteriaren zinegotziak, Ana Lopez de Uraldek.
Jaialdian era askotako lantegiak eta kultura eta kirol arloko jarduerak egongo dira. Horrez gain, espazio publikoa dinamizatzeko eta gazteen parte hartzea bultzatzeko DJ-en musika ere eskainiko dute. Gazteen elkarteekin eta kolektiboekin batera egingo dute lan programa antolatzeko. "Urban Fest Zaramaga jaialdiak era askotako balioak sustatuko ditu: berdintasuna eta errespetua, esate baterako. Gainera, parte-hartzaile guztiek jarduera guztiez goza dezaten inklusiboa eta irisgarria izango da", adierazi du Gazteria Saileko zinegotziak.