Ostegun honetako arratsaldean, 16:30ak aldera, hamaika hilabeteko haurtxo bat bosgarren solairu batetik erori da Gasteizko Salburua auzoan, Martxoak 8 hiribidean. Haurra Txagorritxu ospitalera eraman dute, larri zaurituta baina bizirik; ondoren, Gurutzetako ospitaleko (Bizkaia) pediatria atalera eraman dute.
Une honetan, hipotesi guztiak zabalik daude, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dira, istripu bat ala beste zerbait izan den jakiteko. Etxebizitza miatzeaz gain, haurraren aita atxilotu eta Lakuako ertzain-etxera eraman dute, deklarazioa hartzeko. Antza denez, 20 urteko gaztea etxean zegoen eta lo geratu da gertakarien momentuan. 18 urteko ama, berriz, beranduago iritsi da etxera; antsietate-eraso bat izan du, eta ospitalera eraman dute ere. Goizaldean zehar, aita aske utzi dute, ikerketak aurrera jarraitzen duen bitartean.
Kaletik zihoan pertsona bat izan da haurra espaloian aurkitu eta Udaltzaingoari gertatutakoa jakinarazi diona. Berehala bertaratu dira Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila, bai eta anbulantzia bat ere.
"Salburuko gertaera tragikoak atsekabetuta", idatzi du Maider Etxebarria alkateak sare sozialetan. "Ikerketa zabalik dago. Gertatutakoa argitzeko Udaltzaingoa eta Ertzaintza egiten ari diren lanaren emaitzen zain gaude".