208 hautetsi, trenaren alde

Erredakzioa 2024ko mar. 21a, 17:26
Gasteizko Legebiltzarrean erregistroa egin dute. LAUTADATRENARENALDE

Agiri instituzionala erregistratu dute AHTak kaltetuko dituen herrien ordezkariek Nafarroako Parlamentuan eta Gasteizko Legebiltzarrean.

"Trenaren, lurraldearen eta herriaren borondatearen aldeko" agiri instituzionala erregistratu dute gaur AHTak kaltetuko dituen Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako hamarnaka hautetsik, aldi berean, Gasteizko Legebiltzarrean, Nafarroako parlamentuan eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan. AHTaren linea esklusibo bat eraiki beharrean, egungo trenbide azpiegiturak egokitzearen alde egin dute, mota guztietako trenak ibil daitezen.

Hain zuzen, Iruñea-Gasteiz eta Goierri-Gasteiz arteko zatietan AHTak kaltetuko dituen udalerrietako 208 hautetsik sinatu dute adierazpena. Zehazki, 22 alkatek (alkateen %73), 146 zinegotzik (guztizkoaren %65) eta hamarnaka kontzejuk (guztira 40) babestu dute adierazpena. Araban, Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga, Agurain, Iruraitz-Gauna, eta Dulantziko alkateek sinatu dute agiria, baita honako kontzeju hauek ere: Egino, Andoin, Urabain, Albeiz, Durruma, Erdoñana, Munain, Narbaiza, Okariz, Uribarri-Jauregi, Txintxetru, Alaitza, Arrieta, Ezkerekotxa, Gazeo eta Langarika.

"Beste behin ere, argi dago tokiko erakunde gehienek betiko trenbide eta tren lineak indartzeko apustua egin dutela, AHT plataforma berri bat eraikitzea baztertu baitute", esan dute ordezkari instituzionalek. "Adierazpen instituzional hau, AHTaren lotura egiteko planteatutako zundaketen aurka azken hilabeteetan udalek onartu dituzten mozioen testuinguruan kokatzen da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide