Astelehen honetako goizaldean, Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu du, Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean emakume bati eraso egitea eta legez kanpo atxikitzea egotzita. Gizonezkoak emakumearekiko urruntze agindua zuen indarrean, genero indarkeriagatik; antza denez, lokal horretan bizi zen gaur egun.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, biktima bera izan da Ertzaintzarekin harremanetan jarri dena, azken orduetan bikotekide ohiak lokal batean atxikita eduki duela salatzeko. Denbora horretan, gainera, askotariko erasoak jasan ditu, tartean sexu erasoak. Azkenean, ihes egitea eta gertatutakoa salatu ahal izan du.
Handik gutxira, Ertzaintzako agenteak ingurura bertaratu dira; emakumea babesean jarri eta ustezko erasotzailea aurkitu dute. Emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegi batek emandako urruntze agindua indarrean zuela baieztatu ostean, atxilotu egin dute. Lakuako ertzain-etxera eraman dute gizonezkoa, beharrezko izapideak egiteko. Emakumea, berriz, ospitalera eraman dute.
Une honetan, gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dago, Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiaren eskutik; eta biktimak goizean zehar formalizatuko du salaketa. Epaileak erasotzailea espetxeratzea agindu du.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.