Atxilotu bat diskoteka batean beste pertsona bati labankada bat emateagatik

Erredakzioa 2024ko martxoaren 17a

Biktima Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan dute. ALEA

Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu du bart gauean Gasteizen, arma zuri batekin beste pertsona bat sabelaldean zauritu izana egotzita. Biktima ospitalera eraman dute, eta bertan jarraitzen du.

Gau liskartsua izan da larunbat honetakoa Gasteizen. 05:00ak aldera, Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du, diskoteka baten barruan beste pertsona bati labankada bat emateagatik. Segurtasun Sailak zabaldutako oharrean ez dago gaueko aisialdi lokalaren inguruko xehetasunik.

Biktimak zauri ebakorra zuen sabelaldean, eta anbulantzia batean eraman behar izan dute Txagorritxu Ospitalera, osasun laguntza emateko eta zauriak tratatzeko. Une honetan, bertan jarraitzen du.

Ertzaintzaren patruilek iritsi bezain pronto identifikatu dute ustezko erasotzailea, eta ustez beste pertsona zauritzeko erabili duen labana atzeman diote. Homizidio saiakera delitu bat egotzi diote atxilotuari. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, eta polizia-eginbideak amaituta, Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute gizonezkoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago