Hamar bat lagun artatu behar izan dituzte ostegun gauean Gasteizko Zapatari kaleko Botanic tabernaren sabaia bertan behera erori denean. Hamarrak aldera jazo da ezbeharra, amiltzeak barruan zeuden bezeroak eta zerbitzariak harrapatu dituenean.
Gertatutakoaren berri izatean, hainbat anbulantzia bertaratu dira, udaltzainekin eta suhiltzaileekin batera. Lagun batzuek zauri arinak izan dituzte, baina horietatik bi Txagorritxuko ospitalera eraman dituzte.
Amiltzeak ez du eraginik izan eraikinaren egituran, eroritako sabaia faltsua zelako. Hortaz, suhiltzaileek ez dituzte inguruko bizilagunak eraikinetik atera.
Ikertzaileek uste dute goiko patioan izandako ur ihes bat egon daitekeela gertakariaren abiapuntuan, baina ondorengo azterketek argitu beharko dute zioa.