Igande goizaldean, Gasteizko Arriaga-Lakua auzoan, indarkeria matxistaren aurpegirik gordinena azaleratu zen berriz ere. Bizilagunek ohartarazita, Udaltzaingoak zauritutako emakume bat aurkitu zuen bere etxebizitzako eskailera-buruan, izterrean odola zeriola. Minutu batzuk lehenago, bere bikotekideak, 31 urteko gizonezko batek, labankada bat eman zion eta hiltzen saiatu; zorionez, emakumeak ihes egitea lortu zuen.
Handik gutxira, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten etxe barruan, genero indarkeriaren esparruan giza hilketa saiakera egotzita. Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Gasteizko Epaitegiaren esku geratuko da astearte honetan.
Eraso matxistaren biktima ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian, eta handik ordu batzuetara alta eman zioten.
Arbuioa eta mobilizazioak
Astelehenean zabaldutako ohar batean, Gasteizko Udalak "irmo gaitzetsi eta arbuiatu" du erasoa, eta "babesa eta hurbiltasuna" adierazi die biktimari eta ingurukoei. Horretarako, haien esku jarriko ditu "behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak, eta haien interesekoa den informazio guztia".
Horrekin batera, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa jarri du abian, eta bost minutuko elkarretaratzea egingo du astearte honetan, martxoaren 12an, 10:00etan Plaza Berrian, Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean. "Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, eta era askotako formak ditu. Gainera, lehen mailako arazo soziala da", azpimarratu du udalak.
Bere aldetik, Gasteizko Mugimendu Feministak mobilizazioa deitu du ostegunerako, hilaren 14rako, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.