Txagotu Auzo Eguna: auzoko komunitate sareak sendotzeko festa

Erredakzioa 2024ko martxoaren 8a

Belaunaldiarteko jarduera bat, 2023ko Txagorritxuko jaietan. Argazkia: @TxagokoJaiak

Txagoko Komunitate Sareak egun osoko jaialdia antolatu du larunbaterako, auzoko ume, gazte eta nagusiak elkartzeko asmoz. Goizetik gauera, askotariko jarduerak izango dira Txagorritxu auzoko lau gunetan eta auzoan zehar.

Iazko helburuak "arrakastaz" bete ondoren, martxoaren 9an, larunbatean, Txagoko Komunitate Sareak (TKS) Txagotu Auzo Egunaren II. edizioa ospatuko du, auzoko hainbat eragile eta norbanakorekin batera. Aurten, gainera, apustu sendoagoa egin dute egitarau parte-hartzaileago bat eskaintzeko. Egun osoko jardunaldia izango da, askotariko jardueraz osatutakoa.

Lehenik eta behin, goizeko egitaraua Abendaño ikastolan hasiko da. 11:00etatik aurrera, umeen txokoak izango dira bertan; gune bakoitzeko arduraduna auzoko eragile bat izango da, eta helburua izango da bertaratzen diren umeak txoko guztietatik pasatzea, denbora mugatuan:

  • Jolas tradizionalak: igela, bilar holandesa eta sokatira... (Bizan zentroaren eskutik)
  • Eskulan txokoa: xaboizko ponpak eta tattoo tailerrak (Abendañoko familien eskutik)
  • Kirola (auzoko gazteen eskutik)
  • Fruta tailerra (Abendaño familien eta TKSren eskutik)
  • Atseden txokoa (familien eta TKSren eskutik): kafea, pastak... egongo dira.

Txokoen ostean, 13:00ak aldera, txarangaz, erraldoiz eta buruhandiz girotutako kalejira bat abiatuko da ikastetxetik hasita, Unamuno zeharkatuz eta San Andres kiroldegi ondoko saskibaloi kantxaraino. Bertan, igerilekuaren kanpoko beiratean, martxoaren 18an handik igaroko den Korrikaren horma-irudi bat egingo dute AEKko kideek eta San Viator ikastetxeko eskautek. Horrez gain, K-Pop dantzak (Unamunoko ikasleen eskutik) eta slack-line (San Andreseko taldearekin) egiteko aukera izango dira.

Musika eta bazka

San Andreseko ekintzak egiten diren bitartean, Gazalbideko Indartsu tabernan Sutan Klan taldeko Eneko Bermejoren hip hop pintxada izango da ere. Ordu berean, Luis Dorao ikastetxean, gozozaleek erroskilla tailer batean parte hartzeko aukera izango dute, Bizan zentroko kideen eskutik.

Eguerdiko jarduerak amaituta, 15:00etatik aurrera, belaunaldiarteko bazkaria egingo dute Luis Doraon, elkarren artean ezagutzeko eta "giro politean" bazkaltzeko asmoz: entranteak, entsalada, bigarren plater autogestionatua ("norberak nahi duena eraman dezake"), tailerrean egindako erroskillak izango dira menuan. Otordua bingo musikatu batekin bukatuko dute, nahastutako taldetan.

Garagardoa, afaria eta pintxada

Bazkariaren ostean, behin guztia jasota, garagardo artisau dastaketa egingo dute, 18:00etatik aurrera, tabernaz taberna eta karro-poteo formatuan: oraingoz, Indartsu, Laberinto, Eva eta Ole tu! tabernetan. Parte-hartzaileek taberna bakoitzean edandako garagardoa zein izan den asmatu beharko dute, horien deskribapenak irakurriz. "Parte hartu nahi duen orok kañeroetan itsatsitako QR moduko batean aurkituko ditu aukerak", azaldu dute antolatzaileek.

Gauean, auzoko Laberinto tabernan amaituko da festa. 22:00etatik aurrera, afariarekin; eta 23:00etatik aurrera, pintxada batekin.

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago