Gasteizko bus geltokiaren segurtasunari buruz eskatutako txosten baten emaitzak aurkeztu ditu aste honetan Gasteizko Udalak. Beatriz Artolazabal alkateordeak eman du batzorde batean otsailean jasotako txostenaren berri. "Datu objektiboak, arriskuak ez dira kezkatzeko modukoak", esan du Artolazabalek, txostenaren ondorio nagusi gisa. Udalaren arabera, eskatutako azterketak ondorioztatu du segurtasuna geltokian "bermatuta" dagoela, eta bertan egiten diren delituen kopura "txikia" dela. Modu berean, txostenak dio erabiltzaileen artean "segurtasun ezaren sentsazioa" dagoela, baina hori "ez dela erreala".
Artolazabalen arabera, "pertzepzioak ere garrantzitsuak dira, ia-ia segurtasuna bera bezainbestekoa". Dioenez, uniformedun poliziez gain, kalez jantzitako poliziak ere badira bertan, eta, horregatik, gertakaririk izatekotan "azkar erantzungo dute".
Besteak beste, txostenak proposatutako gomendioen artean honakoak daude: giltzen kudeaketa hobetzea, bidaia-txartelik gabeko bidaiaren sarrera nasetan debekatzea, sarbide puntu bakarra zehaztea sei larrialdi ateak itxiz, eta uniformedun polizien zein zinpeko guardien presentzia handitzea disuasio modura.
Artolazabalek esan du emandako gomendioak aztertu eta ikusiko dutela zeintzuk gauzatu. Horietako batzuk martxan jarri dituzte honezkero: giltzen kontrola areagotu dute, eta Segurtasun Sailari busen sarreran trafiko seinale bat eskatu diote, oinezkoen sarrera galarazteko.