Protestak gogortuko dituzte Colisee Miñano erresidentzian

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 09:42

Gasteizko Colisee Miñanoko langileen protesta. ELA

Asteon egindako lanuztearen ondoren, beste hainbeste egingo dute martxoaren 4an eta 13an.

Gasteizko Coliseé Miñanoko langileek bi orduko lanuztea egin dute asteartean, 17:00etatik 19:00etara, enpresak hitzarmenaren negoziazioan hitz emandakoa bete dezan eskatu eta "prekaritatearen" kontra. ELAk azaldu duenez, enpresak soldatak hobetuko zituela agindu zuen, erresidentziaren eta aldundiaren arteko II. Hitzarmen Markoa sinatu ondoren. "Horrek hobekuntza nabarmena ekarriko zien gerokulturei", esan du. Alta, sindikatuaren arabera, enpresak ez ditu soldatak handitu, eta plantillaren zenbait plus ere murriztu ditu, "eta erresidentziako egoliarrei, aldiz, %6-10 igo zaie kuota, egin ez duten langileen soldata hobekuntza argudiatuta".

ELAk gogoratu duenez, Colisee Miñanoko langileek LGSren azpitik kobratzen jarraitzen dute, eta egoiliarren zaintza "ez da beharko lukeena". Sindikatuak azpimarratu duenez, "langileak nekatuta daude lantokiko egunerokotasunean jasan beharreko presioarekin eta gainkargarekin, etengabeko langileen faltarekin, edo gehiegizko lanaldiekin". Horregatik erabaki dute, hain zuzen, mobilizazio dinamika berri bati ekitea, eta martxoaren 4an eta 13an lanuzteak egingo dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago