Martxoan lizitatuko dituzte Txagorritxuko Unibertsitate Ospitalea handitzeko lanak

Erredakzioa 2024ko otsailaren 27a

Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitalearen eremu berria. IREKIA

Lan horien barruan, D eremuko hiru solairu eraberritzea eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako sarbide berria egitea aurreikusten da.

Bi fasetan banatuko du Osakidetzak Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitalea handitzeko egitasmoa. Martxoan aterako du obren hasierako faserako lizitazioa, eta obrei aurten emango zaie hasiera, D eremua eraberritzearekin. Hamasei milioi euro inguruko inbertsioa egingo da. Bigarren fasean, berriz, eremu hori handituko da, eta 70 milioi euroko inbertsio aurreikusi dute.

D eremuko hiru solairu eraberritzea eta Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzurako sarbide berria egitea aurreikusten da lehen fasean. Aurreikuspenen arabera, obrari urte honetako bigarren seihilekoan emango zaio hasiera, eta hiru solairu hauek eraberritzean datza: Erradiodiagnostikoa, Odol Bankua eta Errehabilitazioko Gimnasioak, eta Akutuen Dialisirako Unitate berria, Prebentzio Medikuntza eta Prebentziorako Oinarrizko Unitatea (Lan Osasuna). 

Bigarren fasean, berriz, D eremu hori handituko da eta, eraikin berri horretan zerbitzu hauek kokatuko dituzte: Medikuntza Nuklearra, Ospitaleko Erradiofisika eta Onkologia Erradioterapikoa; Anatomia Patologikoa eta aldagelak; Erradiodiagnostikoa (lehen faseko instalazioak osatuko dira) eta Erresonantzia Magnetikoa; Kardiologia, Digestio, Pneumologia, Urologia, Ginekologia eta Obstetriziako proba osagarriak; Ginekologia eta Obstetriziarako bi ospitaleratze-unitateak; Etxeko Ospitalizazioa, Ahoko eta Aurpegi-Masailetako Kirurgiako eta Neurofisiologia Klinikoko proba osagarriak eta bloke kirurgikorako administrazio-eremua; bi ospitaleratze-unitateak; Farmazia Zerbitzuaren handitzea; eta bi ospitaleratze-unitateak; eta guardiako medikuentzako gelak.

Obra guztiak amaitzen dituztenean, D eremuak guztira 35.000 metro koadroko azalera izango du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago