"Palestinako genozidioarekin konplizitaterik ez" izatera deitu dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko ots. 26a, 11:15

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Gasteizen, BDZ mugimenduak deitutako manifestazioan. Erakundeak, CAF euskal enpresa eta Carrefour multinazionala seinalatu dituzte, Israelekin harremanak etetea eskatuz.

Palestinari buruz hitz egiteari ez uztea. Herri palestinarrak egindako eskaerari erantzunez, Euskal Herrian berriz ere kalera atera da Israelgo Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) aldeko mugimendua, Espainiako zein Frantziako estatuei eta EAEko zein Nafarroako erakundeei "Gazako genozidioa gelditzeko neurri zehatz eta eraginkorrak" har ditzaten exijitzeko, bai eta "Palestinako okupazioa, apartheida eta kolonialismoaren" aurka ere.

Igande honetan, otsailaren 25ean, mobilizazio eguna antolatu eta manifestazioak egin dituzte Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian. Azken protesta horietan, sionismoarekiko harreman diplomatikoak, instituzionalak, ekonomikoak, kirolekoak eta kulturalak etetea exijitu dute, bai eta armen zein teknologia militarraren merkataritza amaitzea ere.

Arabako hiriburuaren kasuan, besteak beste, tokiko erakundeen, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren, CAF enpresa gipuzkoarraren —Jerusalemgo tranbia eraikitzen ari dena, tartean Palestinako lurraldean dauden legez kanpoko kolonia israeldarretan— eta Carrefour supermerkatuen katearen —Zisjordaniako okupazioan parte hartzen duten konpainiekin harremanak dituena— "konplizitatea" salatu dute.

Hildako 30.000 palestinar baino gehiago

"Azken egunetan, Israelgo Gobernuak dei egin dio Gazako populazioari Rafah husteko. Dei hori Israelen asmoen erakusgarri nabarmena da: ez dira geldituko Gazako azken txokoa suntsitu eta gazatar guztiak desagerrarazi arte", ohartarazi dute. "Israel iragan urriaren 7tik ari de nahita eta modu sistematikoan Gazako zerrenda bonbardatzen, eta dagoeneko 30.000 palestinarretik gora erail dituzte; 14.000 inguru adin txikikoak. Gainera, funtsezko azpiegiturak ere birrindu dituzte, hala nola ospitaleak, eskolak zein ur eta energia hornikuntzak; eta bi milioi pertsonatik gora kanporatu dituzte euren bizitokietatik".

"Era berean, Zisjordanian eta Jerusalemen garbiketa etnikoaren prozesua azkartzen ari da, atxiloketa masiboen, hilketen eta erasoen kanpainekin, bertako biztanleak beren lurraldetik kanporatzeko helburuarekin", gaineratu dute. "Horregatik, orain, inoiz baino gehiago, bada garaia Espainiako eta Frantziako estatuek zein EAEko eta Nafarroako erakundeek ekin diezaioten, Hego Afrikako salaketarekin bat egin dezaten eta zigorrak ezar diezazkioten Israeli".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide