Udaberria-uda denboraldirako 438 plaza eskainiko ditu Gauekoak aisialdi programak, 22 jardueretan. Martxoa eta uztaila artean egongo dira 16 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratutako jarduera horiek, antolatzaileek gaur iragarri dutenez. Horietan izena emateko aukera irekita dago honezkero.
"Sorkuntzarekin, musikarekin, abenturarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak" izango dira, Gasteizko Udalak ohar baten bitartez nabarmendu duenez. Denboraldi berrian, gainera, aisialdi programari izena eman zioten gaueko jarduerak berreskuratuko dituzte.
Berritasunen artean, patinajea gauez egin ahalko da, eta gaueko jaia egingo dute ere Hegoalde gizarte etxeko igerilekuan. Horrez gain, bizirauteko tekniken inguruko ikastaroa prestatu dute, bai eta bizikletak konpontzen ikasteko ikastaroa ere.
Akroyoga, jugger, zirkuko teknikak edota laser tag jolasak dira —hitzez hitz antolatzaileek helarazitako informazioari jarraiki— egin ahalko diren beste zenbait jarduera. Horrez gain, izarrak behatu ahal izango dira Izkiko parke naturalean eta janaria prestatzeko bidea egongo da Urarteko baratzeetan. Zeramikako, poesia, musika, aire zabaleko marrazketa, eta ehunen gaineko zianotipia dira beste aukeretako batzuk.
Besteak beste, entzumen desgaitasuna duten pertsonentzako kontzertua egingo dute aurrenekoz. dardara egiten duten txalekoen bidez. Hiriko dendatan kontzertuak emango dituzte, MFest jaialdiaren zazpigarren edizioa ere egingo dute. Programa osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.
"Programa berritzailea eta inklusiboa da eta gazteek egindako iradokizunei erantzuten die", adierazi du Gazteria alorreko zinegotzi Ana Lopez de Uraldek.