Emantzipatu nahi, eta ezin

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 12:31
Judimendiko etxebizitzaren arazoaren inguruan egindako ikerketa aurkeztu du Batuta sareak. BATUTA

Etxebizitzaren inguruko arazoa ikusarazteko dinamikaren baitan, Judimendiko Batuta elkartasun sareak inkesta egin du. Alokatzeko edo hipotekatzeko orduan auzokideek dituzten zailtasunak agerian geratu dira.

Gasteizko Judimendiko auzokideen %73 ez dira emantzipatu alokairuaren edo hipotekaren prezioak ezin dituelako ordaindu; eta erdia baino gehiagok ez du uste egoera hori aldatuko denik hurrengo bi urteetan. Gainera, emantzipatzekotan, %67k uste dute ezin izango dutela bakarrik bizi. Batuta elkartasun sareak urtarrilean auzoko etxebizitzaren inguruan burutu duen ikerketaren emaitzak dira, Euskal Herrian bizi den egoeraren isla. Izan ere, etxebizitzen prezio altuek eta prekaritate egoerak zaildu egin dute etxebizitzarako eskubidea bermatzea; eta Euskal Herrian 20-34 urte bitarteko hamar gaztetatik lau baino ez dira bizi euren kasa.

(Etxe)bizitzak itota lemapean etxebizitzaren inguruko arazoa ikusarazteko dinamika abian jarri du Judimendiko Batuta elkartasun sareak. Lehen urrats gisa auzoko egoera ezagutzeko inkesta egin dute: "Bi urteko lanketa egin dugu bizitzaren garestitzearen inguruan; orain arte energiaren eta elikaduraren garestitzea landu ditugu, eta beharrezkoa ikusten genuen etxebizitzaren gaiari ere heltzea, arreta pizten duen egoera baten aurrean gaudelako; eta hari horri heldu nahi genion", azaldu dute Batutako kideek.

Inkesta erantzun duten eta alokairuan dauden judimenditarren datuak lazgarriak dira. Erdia familia kide baten edo ezagun baten etxebizitzan bizi dira, eta soilik %10 bizi dira bakarrik. Kontrara, %32 beste bi pertsonarekin bizi dira, eta %7 beste hiru pertsona edo gehiagorekin. Gainera, alokairuan bizi direnen %14 ezezagunekin bizi dira. "Alokairuaren prezioari aurre egiteko beharrezkoa egiten zaigu etxebizitza partekatzea; eta batzuetan ezezagunekin bizitzera ere behartuak gaude. Modu horretan, zaila egiten zaigu bizi proiektu egonkor bat aurrera eramatea. Pisukideak sartu eta atera egiten dira, eta azkenaldian, lagunekin etxebizitza partekatzearen ideia erromantizatu bada ere, uste dugu egoera horrek baldintza material eskasei erantzuten diola. besterik ez", esan dute.

Soldataren zati handiena

Alokairua edo hipoteka ordaintzen ari direnek soldataren zati nabarmena erabili behar izaten dute etxebizitzaren gastuari aurre egiteko, eta bestelako ondasunen kontsumoa murriztu behar izan dute. Batuta sarearen inkesta  erantzun duten eta alokairuan bizi direnean artean, ia heren bati alokairuaren prezioa soldata baino gehiago igo diote azken urtean. Hartara, alokairuan bizi direnen erdiek soldataren %21 baino gehiago bideratzen dute alokairua ordaintzera eta ia herenak soldataren %31 baino gehiago.
Gainera, alokairuan dauden etxebizitzen egoerari dagokienez, %40 baino gehiago ez dira etxebizitza duinak: zaharkituriko etxebizitzak dira eta isolamendu edo irisgarritasun arazoak dituzte.

Datuak errepikatzen dira hipoteken kasuan: %73k soldataren %21 baino gehiago bideratzen dute hipoteka ordaintzera, eta ia %20k soldataren %31 baino gehiago. Bestalde, %70k beste ondasunen kontsumoa murriztu behar izan dute hipoteka ordaintzeko. Izan ere, ia %32ri hipoteka soldata baino gehiago igo diote azken urtean.

Auzoan etxebizitza alokatzeak edo erosteak suposatzen duen arazoa konpontzeko, merkatuaren "logikatik" ateratzea proposatu du Batutak. "Arazoa merkatua bada, erantzuna ez da merkatuaren mekanismoetatik etorriko. Izan ere, egun badaude pertsona guztientzako etxebizitza nahikoak.  Alabaina, etxebizitzaren merkatuak eskasia behar du bere errentagarritasuna mantentzeko. Horregatik mekanismo ezberdinak aktibatzen dira eskasia hori sorrarazteko: etxebizitza sozialaren eskaintza urria, etxebizitza-politikak, etxebizitza turistikoaren aldeko legediak, eraberritzeak dakarren gentrifikazioa eta luxuzko etxebizitzen eraikuntza, baina, zalantzarik gabe, eskasia gehien sortzen duen instituziorik garrantzitsuena jabetza pribatua da", azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide