Korterrazan izango dira Belako eta The Steepwater Band

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 10:30

Belako, The Steepwater Band eta iazko edizioko irudiak. Argazkiak: KORTERRAZA

Uztailaren 4tik 6ra izango da Korterraza jaialdiaren aurtengo edizioa, eta otsailaren 26an irekiko dute film laburrak inskribatzeko epea. Ekainetik irailera bitartean, Arabako herrietara iritsiko da.

2024ko udan bueltan izango da Korterraza aire zabaleko film labur eta musika jaialdia, iazko edizioa 13.000 ikus-entzulerekin amaitu ostean. Uztailaren 4an, 5ean eta 6an ospatuko da Gasteizko XV. edizioa, Artium Museoaren kanpoaldean.

Kultura Kalean Elkarteak otsailaren 26an irekiko du film laburrak inskribatzeko epea, maiatzaren 16ra bitartean 1.000 lan baino gehiago jasotzeko aurreikuspenarekin. Horietatik, 35 eta 40 film hautatuko dituzte aurtengo jaialdiaren selekzioa osatzeko, betiere Arabako ekoizpenari tarte zabala eskainiz.

Oraingoz, eskaintza musikala osatuko duten lehenengo bi taldeak iragarri dituzte, biak nazioarteko mailakoak: alde batetik, Belako Mungiako (Bizkaia) post punk taldea, uztailaren 4an Sigo regando bere bosgarren diskoa aurkeztuko duena; eta bestetik, The Steepwater Band blues rock taldea, uztailaren 6an, larunbatean, Chicagotik (AEB) iritsiko dena.

Guztira, film laburren lau emanaldi eta sei kontzertu izango dira hiriburuko jaialdiaren hiru egunetan. Kontzertuak arratsaldean izango dira, 22:00etan hasiko diren proiekzioen aurretik; bertan, Sail Ofizialeko zein Erakusketa eta Komedia sailetako lanak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, haurrei zuzendutako Korterraza Txiki eskainiko dute Artium Museoko Auditorioan.

Gainera, abuztuaren 22an, gai sozialak ardatz dituen Korterraza Sensibiliza saioa egingo dute Artium Museoko plazan.

Korterraza Araba

Bestalde, Korterraza jaialdiaren X. edizio ibiltaria ekainaren amaieratik irailaren hasierara arte luzatuko da, eta Arabako herrietara eramango ditu Super Selekzioa, Komedia, Mix eta Txiki sailetako film laburrak; parte hartzen duen herri bakoitzak nahiago duen saila aukeratu ahal izango du. Pixkanaka sendotzen ari den egitasmoa da Korterraza Araba. 2023an 57 emanaldi antolatu zituzten Arabako 43 herritan.

Sariak

Aurtengo edizioan, Korterrazak 8.000 euro inguru eskainiko ditu sarietan. Besteak beste, publikoaren Laboral Kutxa Saria, Alex Angulo eta Keler sariak (Sail Ofizialean), Grupo Eleyco Saria (komedia onenari), Txiki-El Correo Saria eta Korterraza Txikiren 2. saria (Txiki sailean), Bertako Igogailuak - Euskara Saria (euskarazko lanik onenari) eta Sensibiliza Saria banatuko dituzte.

Araba mailako saria egongo da ere; izan ere, herrietako emanaldietako ikus-entzuleek boto emateko aukera izango dute, Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria erabakitzeko.

KARTELA

2023KO BIDEOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago