Bizipoza Eskola aurkeztuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 09:00

Bizipoza Eskolaren aurkezpena, abenduan Elgoibarren. Argazkia: bizipoza.eus

Asteazken honetan, Kai Nakai abeslaria, Ekaitz Samaniego bertsolaria eta AEK, Naizen eta Sanfilippo elkarteetako kideak izango dira inklusioaren aldeko egitasmoaren aurkezpen ekitaldian.

2023ko abenduan, Elgoibarren aurkeztu zuten Bizipoza Eskola, "Euskal Herria inklusioan zipriztintzeko" helburua duen egitasmoa. Azken asteetan, hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein herrigintzan kultur aniztasuna, familia aniztasuna, gaixotasunak, heriotza eta aniztasun funtzionala bezalako gaiak "erdigunera ekarri eta bizipozez lantzeko" material sorta prestatu eta zabaldu dute bizipozaeskola.eus webgunearen bidez: gida didaktikoak, material osagarriak, egutegia, ikus-entzunezkoak...

Orain, "balioak zabaltzen eta Euskal Herria zipriztintzen jarraitzeko" asmoz, herriz herriko aurkezpenak egiten hasi dira. Besteak beste, asteazken honetan, otsailaren 21ean, Gasteizen egingo dute aurkezpen ekitaldia, 18:00etatik aurrera Montehermoso Jauregian.

Bertan, mahai-inguru batean parte hartuko dute Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak, Sanfilippo elkarteak eta Bizipoza Eskolako froga pilotuetan parte hartu duen AEKk. Horrez gain, bi gonbidatu berezi izango dira ekitaldian: Kai Nakai abeslaria eta Ekaitz Samaniego bertsolaria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago