Gilkitxaroren eskutik, bueltan da Bertako Fest

Erredakzioa 2024ko ots. 15a, 18:11

Gilkitxaro taldearen 'Identitarteak' obra. Argazkia: Gilkitxaro

Hilaren 24 eta 25ean ospatuko da, Baratza aretoan.

Bertako proposamenez, inguruan lanean dabiltzan artistez disfrutatzeko aukera eskainiko du, beste behin, Baratza aretoak Bertako Fest jaialdiari esker. Otsailaren 24 eta 25ean izango da horretarako parada, Identitarteakantzezlana eta Popperra, Afterra, Utopia literatur saio musikatuarekin.

Hilaren 24an, 20:00etan, Gilkitxaro taldearen eskutik helduko da lehen proposamena. Taldeak 25 urte bete dituela, nor eta zer diren galdetuko diote bere buruari. Komediatik abiatuta, jolasa eta kabareta uztartuta aurkeztuko dituzte zalantza eta galdera desberdinak. Lutxo Egia idazlearen testua oinarri, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreak galdera berri eta zaharrekin jolasteko gogoz helduko dira oholtzara, Aitor Garcia de Bikuña Gartxito musikariarekin batera.

Igandean, berriz, 13:00etan izango da saioa, Miren Narbaiza eta Danele Sarriugarteren eskutik. Hitza eta soinua uztartuta, Popperra Afterra, Utopia ikuskizun berezia aurkeztuko dute. Sarriugartek testu bat irakurriko du, hiru zatitan banatzen dena, eta irakurketan bertan zein etenaldietan Narbaizak soinu-giroak sortuko ditu, kantuekin batera. Abiapuntua "etorkizuna" da —Loraldia jaialdiak testua bat idazteko eskatu zion Sarriugarteri 2023an—. Beste hainbat gai ere agertzen dira bertan: dolua, dantza, popperra, afterra, irudimena, lagunak.

Sarrerak, hamar euroan, salgai daude dagoeneko Baratza aretoak duen salabaratza.com webgunean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago