Kaleko gimnasio gehiago eta hildako etxeko animaliak oroitzeko gune bat, proposamenen artean

Erredakzioa 2024ko ots. 14a, 18:57
Lau eremutan banatu dituzte Gasteiz Hobetuz programako aukerak. Argazkia: ALEA

Gasteiz Hobetuz ekimenera aurkeztutako 84 proposamen bozketa fasera igaroko dira.

Bigarren fasera igaroko da Gasteiz Hobetuz programa, herritarrek udal aurrekontuaren zati bati buruz erabakitzeko ekinaldia. Hala, 84 proposamen argitaratuko dira, eta bozketa egingo da martxoaren 4tik 24ra.

Aurtengo ediziora 228 proposamen aurkeztu dituzte eta udal-teknikariek aztertu ondoren, hainbat aukeratu dituzte. Lan horren ondorioz, 111 bideragarriak zirela ezarri zuten. Ondoren, 27 bateratu dira, interes bera edo oso antzekoa zutelako. Beraz, azkenean, 84 proposamen bozkatuko dituzte herritarrek martxoaren 4tik aurrera hogeita bat egunez.

Bigarren fasera igaro diren 84 proiektuak aztertuta, 56 (%66,6) norbanakoek (32 emakume eta 24 gizon) bultzatu dituztela ondorioztatu dute. Gainerako 28ak (%33,3) elkarteek, kolektiboek edo taldeek aurkeztu dituzte. Zonen araberako eraginari dagokionez, 18 proposamenek udalerri osoan eragina duten jarduketei egiten diete erreferentzia. Gainerakoa 31 auzoetan banatzen da, eta Lakua-Arriaga eta Zabalgana dira proiektu bideragarri gehien biltzen dituztenak.

Proposamen bideragarrien zerrenda udalaren webgune honetan kontsulta daiteke: Udalaren webgunea. ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ – Baloratutako proposamenak. Bozketa-aldia hastearekin batera, martxoaren 4an, proposamenak xehetasunez argitaratuko dituzte, herritarrek sakon ezagutu ditzaten. Horien artean, besteak beste, Sansomendiko saskibaloi-kantxa berritzea, erraldoi eta buruhandien txokoa, San Kristobal zubia birgaitzea, Olarizun gazteentzako aisialdi gunea jartzea, kaleko gimnasio gehiago sortzea eta hildako etxeko animaliak oroitzeko gune bat sortzea proposatu dute herritarrek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide