Ikerketa

Gasteizen 2.000 etxegabetze baino gehiago exekutatu dira azken hamarkadan

Erredakzioa 2024ko ots. 14a, 11:30

2013 eta 2022 artean 2.143 etxegabetze exekutatu ziren Gasteizen. ALEA

Etxebizitza Sindikatuak "moratoriak ezkutatzen duena" azaleratu du etxegabetzeen inguruko ikerketa batean. Neurria amaitu bezain laster, Hego Euskal Herrian 1.000 etxegabetze baino gehiago exekutatuko direla ohartarazi dute.

Etxegabetzeen moratoriak ezkutatzen duena izeneko ikerketa plazaratu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, "Hego Euskal Herriko etxegabetzeen problematikari buruzko lehen ikerketa integrala". 150 orrialdeko dokumentu batean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako etxegabetzeen inguruan azken urteetan bildutako datu esanguratsuak jaso dituzte.

Ikerketaren ondorio nagusien artean, Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi du pandemia garaian ezarritako etxegabetzeen moratoriak ez dituela etxegabetzeak debekatu —pandemian zehar behera egin zuten arren—, eta prozesua "denboran luzatu besterik ez" duela egiten. "Auzipetutako kasuen %70ean gutxienez ez da aplikatu. Eta 2020 eta 2023 artean moratoriak atzeratutako 1.000 etxegabetze daude gutxienez Hego Euskal Herrian, neurria kendu bezain laster exekutatuko direnak", salatu dute.

Etxebizitza Sindikatuaren datuen arabera, "politikari profesionalen propaganda triunfalista gorabehera", egunero hiru etxegabetze inguru exekutatzen dira Hego Euskal Herrian. Gainera, epaitegietan hasitako etxegabetze prozeduren kopuruak igotzen jarraitzen dute: "2008ko krisiaz geroztik izandako gorakadaren joera mantendu da. Hego Euskal Herrian urtero ia 1.000 prozedura gehiago sartzen dira epaitegietan alokairuagatik", salatu du sindikatuak.

Horrez gain, datu ofizialetatik harago doan beste joera bat nabarmendu du Etxebizitza Sindikatuak: "Etxegabetze estrajudizialak —prozedura judizialetik kanpo exekutatutakoak, askotan legez kanpokoak— eta etxegabetze ikusezinak —maizterrak etxebizitza bere borondatearen aurka utzi behar duenean gertatzen direnak, adibidez, alokairuaren kostua ezin duelako bere gain hartu— hazten ari dira". Errealitate horren atzean, "errenten etengabeko hazkundea eta arautu gabeko errentamendu modalitateen igoera" kokatu dituzte.

Etxegabetzeen inguruko ikerketaren aurkezpena, Iruñean. Argazkia: @EtxeSindikatua

 

Etxegabetzeen odolustea Gasteizen

Bestalde, txostenetik abiatuta, Arabako eta bereziki hiriburuko egoeraren erradiografia atera daiteke ere, etxegabetzeek ehunka familiarengan suposatzen duen dramaren benetako tamaina aztertzeko. Adibidez, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak zenbait datu nabarmendu ditu Araban:

  • 2013 eta 2022 artean, 2.143 etxegabetze exekutatu ziren Gasteizen bide judizialetik. Hau da, bi egunean behin etxegabetze bat. Urte horietan, 96 etxegabetze izan ziren Amurrion.
  • Hego Euskal Herri osoan, berriz, 13.527 etxegabetze izan ziren: 3.000 baino gehiago hipotekarekin lotuta, 9.500 inguru alokairuagatik (%70 inguru), eta 900 inguru beste prozedura mota batzuen bidez.
  • 2021ean, alokairuarekin lotutako 309 etxegabetze eskaera sartu ziren Gasteizko epaitegietan.
  • 2021ean, Gasteizen alokairuan bizi direnen %2,33k arazo judizialak izan zituen alokairuarekin lotuta.
  • Azken hamarkadan, Gasteizen alokairuko etxebizitza baten batez besteko prezioa igo da: hilero 198 euro, eta urtero 2.376 euro.
  • Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) antzeko diru-sarrerak dituen Gasteizko familia batek bere diru-sarreren %63a bideratzen du alokairuaren errenta ordaintzera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago