Gasteizko Alde Zaharrean, herri inauteriak antolatzeko ohiturari berrekin diote azken urteetan, 2018tik, batez ere auzo mugimenduaren eta eskola komunitatearen eskutik, eta 1920. hamarkadan galdutako kale inauterietan oinarrituta —maskarak, kantak, autoritateen mozorroak eta beste zenbait elementu debekatu zituzten orduan—.
Aurten ere bi egunez ospatuko dituzte inauteriak, ostegunean eta ostiralean. Goian proiektu hezitzaileak, Kalez Kale kaleko hezkuntza programak, Gasteiz Txiki auzo elkarteak eta Ramon Bajo eta Landazuri ikastetxeetako hezkuntza komunitateek parte hartu dute antolakuntzan. Azken egunetan buru-belarri ibili dira mozorroak eta dekorazioa prestatzeko tailerretan.
Lehenengo hitzordua ostegunean izan dute, otsailaren 8an, Ostegun Gizenarekin batera. Tradizioari eutsita, batez ere auzoko txikiei zuzendutako egitaraua izan da gaurkoa, haurrek inauteri egun propioa izan dezaten. Santa Agedan edo Gabonetan bezala, antzinean abesten eta eskean ateratzeko ohitura zegoen zenbait herritan, eta horixe bera izan da plana: Ramon Bajo eta Landazuri eskoletako haurrek kantaldia egin dute arratsaldean, 15:15ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Bertan, ikasgelaz ikasgela, Zurrunbonen epaiketarekin batera bihar piztuko den sutara bota nahi dituzten gaitzak zerrendatu dituzte.
Gainera, kantaldiaren ostean, Errota auzora mugitu da tropela, bertan pintxo-potea egiteko, DJ Kaktusen musikarekin eta dantzekin lagunduta. 16:45ak aldera elkartu dira Aldabe gizarte etxean, eta festa 19:00ak arte luzatu da.
ARGAZKI GALERIA
ABESTIAK
"Zurrunbon, hor konpon!"
Ostiralean, berriz, adin guztietako bizilagunentzako ospakizuna izango da. 17:00etatik aurrera, Zurrunbonen epaiketa egingo dute Santa Maria plazan, Zurrunbon, hor konpon! lelopean. Eguraldi txarra aurreikusi denez, 17:30etik aurrera Landatxora mugituko dute ekitaldia.
2019an auzoan bertan sortu zuten Zurrunbon, Zalduondoko Markitos edo Lantzeko Miel Otxinen antzeko pertsonaia bat izateko asmoz. Alde Zaharreko inauterien antolatzaileek azaldu dutenez, "gure komunitatea erasotzen duten ezbehar eta gaitzak irudikatzen" ditu Zurrunbonek: "Arrazakeria, matxismoa, etxebizitzaren inguruko espekulazioa, politikoak, auzoko komertzioen egoera...".
Aurtengo inauterietan Zurrunbonen istorioaren kontakizuna zabaltzeko ahalegin berezia egin nahi dute, txikienek uler dezaten zer den eta zer irudikatzen den pertsonaia horren bidez. "Salaketa eta suaren bidez, lehenbizi gaitzak aipatu, ikusarazi eta, ondoren, erreko ditugu. Horrela, ezbeharretik libratzeko, modu sinbolikoan eta komunitatean", azaldu dute.
Parte hartu nahi dutenek testu labur bat prestatu beharko dute Zurrunbon zergatik erre nahi duten azaltzeko. Bizpahiru lerroko testua izatea proposatu dute antolatzaileek, eta edozein hizkuntzatan idatzi ahal izango da. Jasotako mezuekin prestatuko dute epaiketa, Zurrunbon erre aurretik egingo duten ekitaldian.
Nor da Zurrunbon?
Arabako kondairen arabera, Zurrunbon Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña Sakamantekas (1821-1881) XIX. mendeko serieko hiltzaile arabarrari jarritako ezizenetako izan zen. Atxilotu, heriotzera kondenatu eta garrotez hil zuten Gasteizko Sutaustegi Zaharreko presondegian. Orduz geroztik, haurrak beldurtzeko istorioetako protagonista izan da donemiliagarra.
Baina kondairetatik harago, Alde Zaharreko inauterietan Zurrunbon Santa Maria kalean jaiotako pertsonaia da, "ezin gasteiztarragoa", eta Jon du izena. Txikitatik lapurretan ibili eta espetxetik igaro ostean, hogei urterekin ezagutu zuen Mikaela, bere emaztea eta bere seme-alaben ama izango zena. Lantegiko nagusiarekin liskar bat izan ostean hasi zen Zurrunbonen "bizitza txarra", eta orduan ekin zion "ahulagoak ziren guztiak zapaltzeari".
Azkenean, harrapatu eta espetxean sartu zuten, eta hauxe izan zen epaia: "Zure bizitzan izan zara Jon eta izan zara Zurrunbon, guk Zurrunbon botako dugu sutara, zure barrutik Jon berriro atera dadin". Zurrunbon sutara bota zuten, eta pixkanaka Jon hasi zen barrutik ateratzen.
Lastozko gizonaren panpina baten bidez irudikatu dute pertsonaia, eta ipuin bat sortu dute bere istorioa kontatzeko:
EGITARAUA