Bertako ikuskizunak bueltan dira Auzo Eszenaren denboraldi berriarekin

Erredakzioa 2024ko ots. 5a, 14:00

'Bakardadeak garaitu zituenak' ikuskizuna apirilaren 21ean izango da. Argazkia: Aitona Zittalak

Auzo Eszena zikloaren XIII. edizioak konpainia zein talde amateurren bederatzi ikuskizun antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean, Gasteizko gizarte etxeetan.

Otsailaren 18tik maiatzaren 26ra bitartean izango da Auzo Eszena zikloaren XIII. edizioa. Arte eszeniko ez profesionalak auzoetako agertokietara eramatea helburu duen programaren barruan, bertako konpainia, talde zein artista amateurrek bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte hiriko gizarte etxeetan.

Umorea, antzerkia, magia, dantza, bakarrizketak eta bertsoak izango dituen denboraldi berriaren xehetasunak eman ditu astelehen honetan Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak. 2023ko urrian ireki zen deialdia, eta hemeretzi proposamen aurkeztu ziren. Haietako batek baja eman ostean, hemezortzi izango dira aurten antzeztuko diren proposamenak; horietako bederatzi denboraldi honetan bertan, eta gainerako bederatziak urritik abendura.

Denboraldi honetan euskarazko ikuskizun bat baino ez da izango, apirilaren 21ean. Honako hauek dira datozen lau hilabeteetarako ikuskizunak (guztiak igandetan izango dira, 19:00etan):

  • Otsailak 18: Scout y Britte taldeak Metiéndonos en fregaos umorezko lana antzeztuko du Aldabe gizarte etxean.
  • Otsailak 25: Mago Goyo magoaren El laberinto magia eta mentalismo ikuskizuna, Arriaga gizarte etxean.
  • Martxoak 10: Gurualia taldeak Aitor txapuzero lana aurkeztuko du Salburua gizarte-etxean.
  • Martxoak 17: Arai Dantza taldeak Miradas cruzadas dantza inklusiboko ikuskizuna eramango du Zabalgana gizarte etxeko agertokira. Desgaitasun intelektuala duten pertsonei buruzko lana. Haiek dira euren historia eta egunerokoa kontatzen dutenak: gizarte oztopoak, aurreiritziak eta etiketak bezalako gaiak jorratzen dira, bai eta haien potentziala eta gaitasunak ere. Obra desgaitasuna duten pertsonen talde batek antzeztuko du, Arai Danza taldeko bi koreografo integratuta.
  • Apirilak 14: Arteligio teatro taldeak bere Candidatas komedia eskainiko du Arana gizarte etxean.
  • Apirilak 21: Kultura & Natura elkarteak musika, bertsoak eta dantza bateratuko ditu Bakardadeak garaitu zituenak ikuskizunean, Salburua gizarte etxean.
  • Maiatzak 12: Juan Monagok El hijoputa bipolar izeneko monologo dramatikoa eskainiko du Ariznabarra gizarte etxean.
  • Maiatzak 19: Ipazapik El higo de Filemón lana eskainiko du Zabalgana gizarte etxean.
  • Maiatzak 26: Amaia Garrosak eta Ane Arrugaetak denboraldia itxiko dute Entrakonexiones lanarekin, Aldabe gizarte etxean.

Sarrerak otsailaren 7tik aurrera eta emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte erosi ahal izango dira, 3 edo 5 euroko prezioan; aurrez aurre gizarte etxe zein kirol instalazio guztietan (frontoietan izan ezik), edo Internet bidez.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago