Joan den ostiralean, otsailaren 2an, 16:00etatik 20:00etara, auzokide talde batek Palestinarekiko elkartasun ekimena antolatu zuen Judimendiko parkean, "Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko". Bide batez, Gernika-Palestina herri ekimenaren barruan antolatutako Judimendi-Palestina ekimena aurkezteko baliatu zuten mobilizazioa.
Lau orduz eta auzokideen artean banatutako bost minutuko txandatan, azken lau hilabeteetan Israelek hildako 23.000 palestinar baino gehiagoren izenak ozen irakurri zituzten. Horrekin batera, informazio gune bat jarri zuten parkean, auzokideak bertan elkartzeko. Besteak beste, Judimendi HLHI eta Angel Ganivet ikastetxeetako komunitateak, Judimendiko Gazte Asanblada, Sumendi espazioa, Batuta elkartasun sarea, Judimendikoak auzo elkartea eta auzoko euskara taldea batu ziren ekimenera.
Amaitzeko, 19:30ean, elkarretaratzea egin zuten parkean bertan: "Israeli boikot, Palestina askatu!", aldarrikatu zuten.