Neguko hibernazioa atzean utzita, Gasteizko Alde Zaharrera bueltan da Zuretzako Mezua kolektiboaren urteroko festa handia. Oraingoan, Zuretzako Mezua XV. bolumena izenburupean, bi eguneko jaialdia antolatu dute "hotzaren aurka borrokatzeko" eta Jamaikatik ekarritako soinu epel eta alaiekin "arima berotzeko".
"Berokiak eta artilezko galtzerdi goxoenak" prest, ostiral gauean hasiko da festa, 22:00etatik aurrera Hala Bedi Tabernan. Bertan, Burgosko Ghost Town kolektiboko Rubylof eta Paul Kelly kideek eta Zuretzako Mezuako hainbat selektorek aurrez aurreko sound clash saioa eskainiko dute, bakoitzaren maletako binilo onenak hautatuz.
Lehen geltokiaren ostean, larunbatean egun osoan zehar dantzan jarriko dituzte Alde Zaharreko tabernak, oraingoan etxeko selektoreen eskutik: 12:00etatik aurrera, Txapelarri Tabernan; eta 17:00etan, berriz, El Nuevo tabernan.
Baina asteburu osoko ospakizunaren plater nagusia larunbateko 20:30etik aurrera iritsiko da. Orduan irekiko baitira Gasteizko Gaztetxearen ateak, eta 5 euroko sarrera ordainduz gero, Euskal Herri mailako ska eta reggae eszenako bi erreferente handiren kontzertua gozatzeko aukera izango da. Bi belaunaldiren arteko topaketa islatuz, bi taldeek markatuko dute erritmoa oholtza gainean.
Lehendabizi etxeko taldea arituko da, Arabako Mendialdetik iritsitako Trikoma Banda; "betidanik gurekin batera Gasteiz Jamaikara hurbiltzen saiatu den talde izugarria", Zuretzako Mezua kolektiboaren hitzetan. Ondoren, Bilbotik iritsiko da Akatz, 30 urteko ibilbidea duen ezinbesteko taldea, oraingoan Yuyu beren azken diskoa besapean ekarrita.
"Ez dago inolako aitzakiarik asteburuan etxean geratzeko", ohartarazi dute jaialdiaren antolatzaileek. Izan ere, jaia ez da kontzertuekin bukatuko, eta ondoren ere Gaztetxean jarraituko dute reggae, ska, soul eta "nork daki zer beste soinurekin" dantzatzen.
EGITARAUA
BIDEOAK