Arabako Mendiak Aske

Azazetako proiektu eolikoa errekurritu dute EAEko Auzitegi Nagusian

Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 11:00

Azazetako zentral eolikoaren aurkako elkarretaratzea. Argazkia: Arabako Mendiak Aske

Arabako Mendiak Aske plataformak aurretiko administrazio baimenaren aurka jo du "lege iruzurra" salatuz, Aixeindarrek bi zentral independente gisa proposatu zituelako Laminoria eta Azazetako proiektuak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri du Arabako Mendiak Aske plataformak Azazeta parke eolikoaren aurretiko administrazio-baimenaren aurka. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen Industria Administrazioaren 2023ko urriaren 24ko ebazpenaren aurkako helegitea da. Ebazpen horrek gora jotzeko beste errekurtso bat ezetsi zuen: 2023ko apirilaren 12an Industria Administrazioko Arabako lurralde ordezkariaren ebazpenaren aurkakoa.

Aixeindar S.A. enpresa sustatzailearen ustezko "lege iruzurra" da 2023ko abenduaren 26an aurkeztutako helegitearen oinarria. Izan ere, talde ekologistaren ustez, Iberdrola eta EEEaren sozietateak "bi zentral independente gisa" proposatu zituen Laminoria eta Azazetako proiektuak, "biak mendilerro menditsu berean kokatzen direnean eta bien artean gutxieneko tartea mantentzen dutenean".

"Ezarri nahi diguten eredu hazkor eta estraktibistaren aurrean ingurune naturala eta soziala defendatzeko beste urrats bat" egin nahi izan du Mendiak Askek, proiektuak eragindako "habitatak eta espazioak babesten saiatzeko".

Azazetako proiektu eolikoak 40 MW-eko potentzia eta zortzi aerosorgailu izango ditu, eta Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerriei eragingo die. Laminoriakoak beste horrenbeste izango ditu. Arabako Mendiak Askeren arabera, Aixeindarren "estrategia latza da, ingurumen araudiak hamasei errotako zentral eolikorako ezartzen dituen eskakizunak saihesteko, de facto hala denean". Gainera, bi proiektuek transformazio zentroraino ebakuazio azpiegitura berberak partekatuko dituztela azpimarratu du plataformak.

Crowdfunding kanpaina

Proiektuaren judizializaziorako behar duen finantzaketa lortzeko, Arabako Mendiak Aske elkarteak diru-bilketa kanpaina bat jarriko du abian laster Goteo crowdfunding plataforman, Gure mendiak babesten ditugu lelopean. "Ez dugu amore emango gure ahaleginean, eta lanean jarraituko dugu gure herriak eta gure lurra ez suntsitzeko, gure bizilagunak sentsibilizatuz eta erakunde arduradunei asmo txar hori geldiarazteko eskatuz", aurreratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago