Irakurzaletasuna bultzatzeko jardueren programa berria aurkeztu du Gasteizko Udal Liburutegi Sareak. Otsailetik maiatzera bitartean, publiko guztiei zuzendutako 77 ekimen eskainiko dituzte gizarte etxeetako liburutegietan. Denboraldi berriaren inguruko xehetasun guztiak eman ditu astearte honetan Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Egitarau nagusiaz gain, apirilaren 15etik 23ra bitartean Liburuaren Egunerako programazio berezia prestatuko dute aurrerago.
Haurrak eta familiak
Alde batetik, etxeko txikienek eta familiek 37 jarduera gozatzeko aukera izango dute, euskaraz, gaztelaniaz eta elebitan. Besteak beste, estanpazioa, manga ilustrazioa, magia, musika, liburuzaintza, euskal mitologia, usaimena, feltrozko piezak, ukimena, akordeoi-liburuak edota animalien adopzioa lantzeko tailerrak izango dira, bai eta ipuin kontalari ugari ere.
Gazteak eta helduak
Bestalde, jardueren erdia baino gehiago gazteei eta helduei zuzendutakoak izango dira; guztira, 40 proposamen. Nobedadeen artean, Idazteaz beste literatura topaketak nabarmenduko dira denboraldi honetan: euskal literatura eta euskarazko literatura lantzeko solasaldiak, idazketaz harago joateko helburuarekin. Mikel Ayerbe Suduperen laguntzarekin, bi elkarrizketa saio antolatuko dituzte denboraldi honetan:
- Martxoaren 13an, 19:00etan Zabalgana gizarte etxean: Zinemaz, ahozko tradizioaz eta musikaz, Paul Urkijo zinemagilearekin eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarekin.
- Maiatzaren 15ean, 19:00etan Pilar gizarte etxean: Memoriaren antzerkia, antzerkiaren memoria, Ainara Gurrutxaga eta Olatz Gorrotxategi antzerkigileekin.
Horrez gain, bestelako jarduera asko izango dira: liburu aurkezpenak; gose emozionala, estresa, antsietatea, musikaren munduko kristalezko sabaiak, emakumeak zientzian edota maskoten elikadura jorratzeko hitzaldiak; alezko apaingarriak, larruzko liburu-markagailuak, Zentangle marrazketa edota errotulazioa lantzeko tailerrak; ukelelea jotzeko ikastaroa; Europako gazten, olioen edo kafeen dastaketak; Sergio Arrospideren bakarrizketa; gazteentzako scape room saioak; olerkien irakurketa musikatua; belaunaldi arteko topaketa...
Denboraldia ixteko, poesia
Maiatzean, denboraldiaren lehenengo lau hilabeteen ostean, poesiarekin lotutako hainbat jarduera antolatuko dituzte, Hunkitu Arte elkarteak 2012tik antolatzen duen Poetak Maiatzean - Nazioarteko Poesia Jaialdiaren barruan. Poesiarekiko maitasuna, irakurketa eta idazketa sustatzeko helburuarekin, lau errezitaldi eskainiko dituzte:
- Maiatzaren 9an, 19:00etan Iparralde gizarte etxean: Me asomé a la vida y respiré emociones Azalea Beltz poetaren liburuaren aurkezpena.
- Maiatzaren 15ean, 19:00etan Hegoalde gizarte etxean: Como si fuera una cereza tailerra, Mar Benegasekin.
- Maiatzaren 16an, 17:30ean Aldabe gizarte etxean: A lo bestia, 8 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako errezitaldia, Mar Benegasekin.
- Maiatzaren 20an, 19:00etan Arriaga gizarte etxean: Sopa de handpan con letras errezitaldia, Laura Mambrilla, Esther Mambrilla eta Ainhoa Arrazolarekin.