Santiagoko larrialdien "eraistea" salatu dute

Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 12:56

Santiagoko ospitalean larrialdi psikiatrikoak artatzen dituzte. Argazkia: ALEA

Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzutik zortzi erizain eta bi erizain laguntzaile kendu dituztela jakitera eman du ESK sindikatuak.

Ohar batean ezagutarazi dutenez, Arabako ESIko Erizaintzako Zuzendaritzak "langile murrizketa" bat egin du Santiagoko ospitalean, "plantillaren berregituraketa" bat argudiatuta. Sindikatuaren arabera, Zuzendaritzak erabaki hori justifikatzeko emandako arrazoia izan da bertako larrialdietan ematen den arreta jaitsi dela. Bestelakoa da sindikatuaren irakurketa: "Santiago ospitaleko larrialdiak eraisten jarraitzen dute".

Sindikatuak zuzendaritzaren erabaki "aldebakarra" kritikatu du, eta adierazi du Osakidetzak ez dituela aintzat hartu Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuetara jotzen duten biztanleen berezko ezaugarriak. "Gehienak adineko pazienteak dira, patologia askotarikoak, eta zaintza handiak behar dituzte horiek egonkortzeko", argudiatu dute.

Erantsi dute ospitalean larrialdi psikiatrikoetarako zerbitzua jarraitzen duela, eta horiek erizainek eta erizain laguntzaileek artatzen dituztela. Azaldu dute sarritan larrialdi horiek artatzeko bi erizain behar direla, eta, ondorioz "pazientearen segurtasuna arriskuan" egongo dela. Bestetik, gaineratu dute horrek guztiak "nabarmen handituko" duela Olagibelgo Etengabeko Arreta Gune "saturatuan" artatu beharreko pazienteen kopurua.

Arabako ESIak "duela ia bi urte erabaki zuen Txagorritxu ospitalera eramatea larrialdiko arreta, eta Santiagoko larrialdiak de facto ixtea erabaki zuen", salatu dute. Osasun alorreko agintariei eskatu diete "pertsonak zenbaki soiltzat hartzeari uzteko" eta "osasun publikoaren merkataritza kudeaketa" alde batera uzteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide