Ondarea babestea eta berreskuratzea helburu duen Hispania Nostra elkarteak bere zerrenda gorrian sartu du Gasteizko Batailaren monumentua. Astelehen honetan, urtarrilaren 29an, txertatu dute zerrendan.
Hispania Nostrak azaldu duenez, 1915 eta 1917 urteen artean eraiki zutenetik, zenbait esku-hartze partzial egin dizkiote Gabriel Borras y Abellaren monumentuari, besteak beste 1963an, 1984an eta, azkenekoz, 2001ean. "Baina gaur egun narriadura handia du, pitzadura eta luizi askorekin. Beraz, erliebetik ateratzen den guztia —txanoak, sableak, baionetak, lumak, ezproiak, estandarteak edo sinboloak— hautsita, tolestuta edo desagertuta dago", ohartarazi du erakundeak.
Albistea ezagutu ostean, Pasucal Borja Hirigintzako zinegotziak ziurtatu du Gasteizko Udalak neurriak hartuko dituela monumentua zaharberritzeko, "gomendio teknikoei jarraituz".
Aliatuen garaipena eta tropa frantsesen behin betiko erretiratzea ekarri eta Napoleon Espainiako koroa Fernando VII.ari itzultzera behartu zuen Gasteizko Batailaren (1813) alegoria bat da "Espainiaren independentziari" egindako oroigarria. Obraren jatorria 1813an bertan dago, Manuel Aristegi diputatu arabarrak Cadizeko Gorteetan gertaera oroitzeko monumentu bat egiteko mozio bat aurkeztu zuenean. Ideia onartu egin zen, baina ez zen gauzatu; eta 1913an, mendeurrenarekin batera, behingoz eraikitzeko lehiaketa abiatu zuen Espainiako Gobernuak.
Arabako sei eraikin zerrenda gorrian
Une honetan, Hispania Nostra elkartearen zerrenda gorriak Arabako sei ondare elementu jasotzen ditu, "desagertzeko arriskuan" daudela ezagutarazteko, sentsibilizatzeko eta horien gainean jarduteko:
- Gasteizko Batailaren monumentua (Gasteiz)
- Andre Maria Sortzez Garbiaren eliza (Sobron, Lantaron - Añana)
- Alaba-Eskibel Jauregia (Gasteiz)
- Goya zerbitzugunea (Gasteiz)
- Alfarotarren Etxea (Gasteiz)
- Etxebarri Baserria (Laudio - Aiaraldea)
Nolanahi ere, ez dago zerrenda beltzera iritsi den elementurik, eta, aldi berean, beste bost elementu zerrenda berdean daude, egoera txarrean izan ostean berreskuratu direlako:
- Maturana-Berastegi Jauregia (Gasteiz)
- Ozioko Gaztelua (Ozio, Zanbrana - Añana)
- San Esteban Protomartiriaren eliza (Valderejo, Gaubea - Añana)
- Toloñoko Andre Mariaren monasterioa (Bastida - Arabako Errioxa)
- San Joan Ebanjelariaren eliza (Ziriano, Zuia - Gorbeialdea)