Hogei urteko espetxe zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak indarkeria matxistagatik

Erredakzioa 2024ko urt. 26a, 12:28

Arabako epaitegiaren sententzia berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. ALEA

Gasteizko gizon bat zigortu dute bikotekidea iraintzeagatik, tratu txar psikologikoak emateagatik, kolpatzeagatik eta sexu erasoak egiteagatik.

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Arabako Auzitegiaren iragan urriko sententzia bat.  Horretan, Gasteizko gizon bati hogei urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak, bere bikotekideari "ohiko tratu txar psikikoa, genero indarkeriaren esparruko iseka arin jarraituak, lesioak, legearen aurkako atxiloketa, mehatxuak eta sexu erasoa" egiteagatik.

Epaileak jaso duenez, gizonak "indarkeria ariketa sistematiko" baten bidez, "fisikoa, psikologikoa eta ingurumenekoa", emakumea menderatzeko egoera ezarri zuen. "Horrela, maiz oihukatzen zuen, tu egiten zion, eta bere autoestimuari kalte egiten zion. Eztabaidan ari zela, oldarkor bihurtzen zen, etxebizitzako hormak eta objektuak kolpatuz. Gainera, gizonak kaltetuaren gaineko kontrola izan du, eta, horrela, batez ere haren janzkera kontrolatu du". Hori guztia adin txikiko bi alaben aurrean egiten zuen.

Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiak  frogatutzat jo du 2021eko irailean, gizonak emakumea Gasteizko bere etxean entzerratu ondoren, larriki kolpatu, iraindu eta bortxatu zuela. Gainera, emakumea ere mehatxatu egin zuen salaketa ez jartzeko.

Delitu horiengatik, erasotzaileari hogei urteko kartzela zigorra ezartzea erabaki zuen Arabako Auzitegiak, eta bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zion, kartzelaldia bete ondoren. Halaber, biktimari 30.000 euroko kalte ordaina ematea agindu zuen, eragindako kalte moralengatik eta lesioengatik; eta beste 1.974 euro ordaintzea, emakumeak aurre egin behar izan zien gastu medikoengatik.

EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor arloko Salak bertan behera utzi du auzipetuaren errekurtsoa. Auzitegiak adierazi duenez, kargu-froga "nahikoa" eta "legezkoa" daude gizona kondenatzeko; eta Arabako Auzitegiak ezarritako kondena "sobera justifikatuta" dagoela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak.

EAEko ANaren epaia ez da irmoa eta Auzitegi Gorenean errekurritu daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago