Ehunka gasteiztarrek "Palestinako genozidioa gelditzea" exijitu dute

Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 09:50

Estatu mailako deialdiarekin bat eginda, Gasteizko BDZ mugimenduak Eusko Legebiltzarraren ateraino eraman zuen protesta larunbatean, Geldi dezagun genozidioa Palestinan lelopean.

Larunbatean, urtarrilaren 20an, Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian mobilizazio egun bateratua deitu zuen Palestinako Okupazioaren Aurkako Estatuko Elkartasun Sareak. Guztira, 90 udalerrik baino gehiagok bat egin zuten deialdiarekin, tartean Bilbo, Berriz, Iruñea, Eibar, Tutera eta Gasteizek.

Gasteizko elkarretaratzea 18:00etan izan zen, eta ehunka herritar bildu zituen Eusko Legebiltzarraren aurrean, Geldi dezagun genozidioa Gazan! Armen merkataritza eta Israelekiko harremanak eten! lelopean. Hain zuzen ere, "armen merkataritza eta Israelekiko harreman diplomatiko, instituzional, ekonomiko, kiroleko eta kultural guztiak eten" ditzaten exijitu die Euskal Herriko BDZ mugimenduak Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, bai eta Israelekin harremanak dituzten euskal erakunde eta enpresei ere.

"Duela aste batzuk, Nazio Batuen Erakundeko legelari eta adituak salatzen ari dira Gazan gertatzen ari dena genozidio krimen bat dela", ohartarazi dute. "Israelek iragan urriaren 7tik dihardu nahita eta modu sistematikoan Gazako Zerrenda bonbardatzen, duela hamasei urte baino gehiago blokeo itogarri eta ilegal baten menpe duen eskualdea".

Dagoeneko 23.000 pertsonatik gora hil ditu Israelek lau hilabete hauetan, horietatik 10.000 inguru umeak. "Azken eraso hauetako ankerkeriak ez dauka aurrekaririk. Bitartean, eta adierazpenak gora behera, Espainiako Gobernuak oraindik ez du erantzun irmorik eman Palestinako herriaren aurkako sarraski honen aurrean", kritikatu dute mobilizazioetan.

"Basakeria hau ezin da gelditu adierazpen hutsalen bidez, aitzitik, ekintza zehatzak behar dira. Israelgo Estatuaren inpunitateak ezinbesteko ditu erakundeen konplizitatea eta utzikeria, eta bere horretan segituko du azken 75 urteotan bezala, ondoriorik eta zigorrik jasotzen ez duen bitartean", gaineratu du BDZ mugimenduak.

Argazkiak: @ESKsindikatua eta @PodemosVitoria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide