Babestutako edukia

"Hausnartzeko plaza eskaini nahi du Armentia Ikastolak"

Erredakzioa 2024ko urt. 18a, 06:00
Paul Bilbao da Armentia ikastolako zuzendari berria. Argazkia: Armentia Ikastola

Aurrematrikulazio kanpainaren erdian, hezkuntza prozesuari buruzko jardunaldia antolatu du Armentia Ikastolak. Pantailen erabilera, osasun mentala, sexu hezkuntza eta beste hamaika gai aztertuko dituzte.

Galtzak bete lan dituzte Armentia Ikastolan. Otsailaren 6an hasiko den III. Ziklo Pedagogikoaren programa osatu berri dute, eta aurrematrikulazio kanpainarekin batera, Ate Irekien eguna egingo dute urtarrilaren 20an. Paul Bilbao (Algorta, 1971) da ikastolako zuzendari berria, eta berak eman du horren guztiaren berri.

Armentia ikastolak Ate Irekien Eguna du urtarrilaren 20an

Otsailerako antolatu du Armentia Ikastolak III. Ziklo pedagogikoa. Zer helburu du?
Hausnarketa gune bat bilatzen dugu. Askotan behar dugu denbora tarte bat hartu gai interesgarriei buruzko hausnarketa partekatuak egiteko, eta Armentia Ikastolak plaza bat eskaini nahi du horretarako. Egunerokoan, haurren eta nerabeen hezkuntza prozesuan, beti sortzen dira zalantzak; batzuetan eskarmentua dugulako edo intuizioz erantzuten diegu, baina behar dugu ere modu sosegatuan eta adituen iritzien laguntzarekin horren inguruan hitz egin. Gurasoek, irakasleek eta interesatuta dagoen edozein hiritarrek parte hartzea nahi dugu. Ziklo hau ez dugu antolatzen ikastolarentzat, baizik eta hiriarentzat.

Zer gai jorratuko dira?

Azpimarratu nahiko nuke gaiak aukeratzeko orduan gurasoengana jo dugula, haien interesak ezagutzeko. Pantailen erabilera jorratuko dugu, osasun mentala, familien erronkak sexu hezkuntzan, nola eraikitzen duten haurrek beren identitatea, edo askotan sortzen diren kezkak: gehiegi babesten ditugu umeak?, zertan babesten ditugu?, haurren zoriontasuna... Gaiak askotarikoak izango dira, ez dira jardunaldi batzuk gai zehatz baten inguruko ikuspuntu desberdinak lantzeko. Hausnarketarako plaza zabaldu nahi dugu, eta ikuspegi praktiko batetik garatu nahi dugu; ez dugu klase magistralak izatea nahi.

Ziklo pedagogikoa aurrematrikulazio kanpainaren erdian kokatuko da. prest al dago dena aurrematrikulazio kanpainarako?

Gogotsu gaude. Uste dugu Armentia Ikastolak badituela ezaugarri bereizgarri batzuk eta horiek erakutsi nahi ditugu. Kooperatiba bat gara, familia gehiago gure komunitateko kide izatea nahi dugu, eta horregatik Ate Irekien Eguna hizki larriz idazten dugu, gurasoak etortzea nahi dugulako, gu ezagutzea, ikustea zer den ikastola kooperatiba bat, hemen gurasoek eta langileek hartzen ditugula erabakiak; ikastolak baduela bere hezkuntza proiektu propioa, Euskal Herriko ikastolen partaide garela, eta beste hamarnaka ikastolekin batera sortzen dugula marko pedagogiko propioa. Hori erakutsi nahi dugu, gure esentzia: euskal curriculumean ardazten den hezkuntza proiektua, euskara ardatz duen proiektua, eta kulturartekotasuna ikuspegi horretatik lantzen duena, baita berrikuntza pedagogikoa ere. 

Zeintzuk dira Ikastolaren ezaugarri bereizgarriak?
Gure izaerari dagokionez, esan bezala, ikastola kooperatiba integrala garela eta erabakiak gurasoek eta langileek hartzen ditugula; guztion artean, egunero eraikitzen dugu ikastola, auzolanean. Bigarrenik gure proiektu pedagogikoa dugu, bost ardatzetan oinarrituta: euskal curriculuma, euskara, konpetentzia orokorra, konpetentzia digitala eta integrazioaren pedagogia.

Zer nolako ikasleak nahi ditu Armentia Ikastolak? Zer eskaintzen die?
Euskaldun eleaniztunak, konprometituak, konpetenteak, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak izango dituzten ikasleak; eta lankidetzan lan egiten dakiten ikasleak. Horiek dira guretzat esentziak. Beste ardatz nagusia euskara da. Euskara da euskaldun egiten gaituena, eta euskara da ikastolaren oinarria. Gure hizkuntza proiektu propioa dugu, eta ikasle bakoitzari behar duena ematen diogu. Hona euskara ez dakarten haurrak datoz, eta horiei behar duten guztia emango diegu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean ikasle euskaldun eleaniztun aktiboak izan daitezen. Armentia Ikastola euskararen arnasgune bat dela sentitzea nahi dugu, gure ateak zeharkatzen dituztenean euskaraz bizi daitezkeela. Hori da beste ezaugarri bereizgarri bat, Armentia Ikastola arnasgunea dela, euskara lasai erabiltzeko espazio bat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide