Negua berotuko du Principal Antzokiak

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 17:30

Izarok 'Cerodenero' kontzertua eskainiko du otsailaren 3an. Argazkia: IZARO

Neguko denboraldian 35 ikuskizun eskainiko ditu Antzokien Udal Sareak. Besteak beste, Izaro, Rodrigo Cuevas, Josep Maria Pou, Carmen Machi, Aitziber Garmendia eta Javier Gutierrezen azken lanak ikusteko aukera izango da.

Denboraldi berria dator Gasteizko antzokietara. Antzokien Udal Sareak neguko programazioa aurkeztu du asteazken honetan, eta guztira 35 proposamen eskainiko ditu urtarriletik martxora bitartean. Horietako 25 Principal Antzokian izango dira, eta gainerako hamarrak gizarte etxeetako antzokietan. Hiru hilabete horietan, soilik euskarazko bost ikuskizun izango dira.

Askotariko formatuak eta diziplinak batuko ditu denboraldi berriak, eta, gainera, hasiera emango die 2024ko abonamenduei: helduentzako antzerkia, dantza, euskarazko antzerkia eta familientzako ikuskizunak.

Principal Antzokiko oholtzatik antzerki zuzendari eta aktore handiak igaroko dira negu honetan: besteak beste, Josep Maria Pou (El Padre, otsailaren 2an), Aitziber Garmendia (Esnearen kolorekoa, otsailaren 8an), Lluis Omar (La discreta enamorada, otsailaren 17an), Aitana Sanchez Gijon (La Madre, otsailaren 24an eta 25ean), Carmen Machi (Nuestros actos ocultos, martxoaren 1ean), Patxo Telleria (Kortxoaren dilema, martxoaren 7an), Manuela Velasco (Un delicado equilibrio, martxoaren 9an) eta Javier Gutierrez (El traje, martxoaren 15ean).

Musika eskaintzari dagokionez, Tomatito (urtarrilaren 26an), Izaro (otsailaren 3an), Strad biolinista (otsailaren 18an) eta Rodrigo Cuevasen (martxoaren 14an) kontzertuak nabarmenduko dira. Eta, noski, Udal Musika Bandaren eta Euskadiko Orkestraren emanaldiak ere ez dira faltako.

Bestalde, umore, musika, dantza eta haurrentzako ikuskizunetarako tartea ere izango da Principalen. Besteak beste, Kukai Dantza taldearen Txalaparta ikuskizuna (otsailaren 29an) eta La Veronal konpainiaren Sonoma lana (martxoaren 23an).

Programazio nagusiaz gain, XXI. Mendeko Flamenkoa eta Jim Aktual zikloak egingo dituzte Jesus Ibañez de Matauko Antzokian; eta Ikuskizuna Ibaiondon, Felix Petite Antzokian. Gainera, haur txikientzako ohiko hitzordua izango da Federico Garcia Lorca Antzokian, Lakua Gizarte Etxean; adibidez, Euskadiko Orkestrak Pantomima haurrentzako kontzertuaren bi saio eskainiko ditu urtarrilaren 28an, igandean, euskaraz.

 

 

Sarrerak eta abonamenduak

  • Abonuak: urtarrilaren 18an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era; urtarrilaren 19an, 17:30etik 19:30era; urtarrilaren 20an, 11:30etik 13:30era; eta urtarrilaren 21ean bakarrik online salduko dira.
  • Abonu irekiak: urtarrilaren 23an eta 24an salduko dira, aurretiazko hitzorduarekin. Urtarrilaren 17tik aurrera eskatu daiteke hitzordua, telefonoz edo online.
  • Sarrera solteak: urtarrilaren 25ean eros daitezke, 10:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era, Principal Antzokiko leihatilan edo telefonoz; eta urtarrilaren 26tik aurrera, ohiko ordutegi eta kanaletan. Online salmenta 10:00etan hasiko da.

PROGRAMAZIOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago