Gasteizko Txosnen banda lehiaketa, talde berrien bila

Erredakzioa 2024ko urt. 10a, 13:30

Gasteizko Txosnen aurtengo lehen prentsaurrekoa, Jimmy Jazzen. Argazkia: @entxosnatu

Martxoaren 1era arteko epea dute Gasteizko Txosnetako oholtzan aritu nahi diren musika taldeek aurtengo lehiaketara aurkezteko. Lau talde finalistak martxoaren 21ean lehiatuko dira Jimmy Jazz aretoan.

Gasteizko Txosnek asteazken honetan eskaini dute aurtengo lehenengo prentsaurrekoa, Jimmy Jazz aretoan. 2023ko jaietan txosnagunea "jendez beteta" egon zela ospatu dute, "eta ez soilik kontzertuetan zehar". Gainera, 2024. urte berrian Gasteizko herri mugimendua "berriz ere gune alternatibo, sortzaile eta politikoa" eskaintzeko asmoa berretsi dute.

Horrekin batera, ohi bezala, programazioan ezinbestekoa bilakatu den ekitaldiaren edizio berria aurkeztu dute agerraldian: Gasteizko Txosnen Banda Lehiaketa. Ekimenaren helburu nagusia "ezagunak ez diren taldeei oholtza gainean aukera bat ematea" izango da aurten ere.

Horretarako, edozein taldek izango du parte hartzeko aukera; gaur bertan ireki dute izena emateko epea, eta martxoaren 1eko 15:00etara arte luzatuko da. Apuntatzeko asmoa dutenek www.gasteizkotxosnak.eus webgunean sartu eta galdetegi bat bete beharko dute, taldekideen datuekin eta taldearen zenbait abestirekin: gutxienez hiru (horien artean bat gutxienez euskaraz) eta gehienez bost (horien artean bi gutxienez euskaraz). Horrez gain, argazkiak, bideoak eta taldeen sare sozialen berri emateko aukera dago.

 

Bozketa eta finala

Izena ematen duten talde guztien artean, zortzi talde sailkatuko dira martxoaren 6tik 13ra zabalduko den bozketa faserako. Ondoren, lau talde igaroko dira finalera; bat gutxienez Arabakoa izan beharko da, eta gutxienez emakume bat izan beharko da finalisten artean. Horietatik, ikuslegoak bat aukeratuko du, eta beste hirurak Gasteizko Txosnen epaimahaiak erabakiko du.

Lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute martxoaren 21ean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Irabazleak jaietako egun batean Gasteizko Txosnetan jotzeko aukera izango du, 500 euroko saria jasotzeaz gain. Sari nagusiarekin batera, aurten ere Gazte Saria izango da, 200 euroko zuzkidurarekin eta txosnetan jotzeko aukerarekin.

Datozen hilabeteetan zehar, ekimen, ekitaldi eta hitzordu gehiagoren berri emango dute Gasteizko Txosnek. "Bitartean, kaleetan edo txosnetako sare sozialetan ikusiko dugu elkar", adierazi dute prentsaurrekoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago